Orreaga
Orreaga Nafarroako iparraldeko udalerria da (Erroibar). Bi bataila aipagarri irabazi zituzten baskoiek oste frankoen aurka: 778an eta 824an. Lehenean Karlomagnoren tropei garaitu zitzaien eta garaipenaren oihartzuna Europa guztira zabaldu zen "Chanson de Roland" kantu epikoari esker. Bigarrenean ordea Eneko Aritza errege izendatu eta Iruņeko erresuma sortu zen. XI. mendetik aurrera Jakue-bidea egiten ari ziren Europako erromesek garrantzizko atsedentoki zuten hemengoa. Lehenengo ostatua eta erietxea eraiki ziren eta gero, Antso VII. Azkarra Nafarroako erregeak eliza eraiki eta ondasun handiak jarri zituen haien menpe. Antso VII. Azkarra bertako monasterioan ehortzi zuten.
XII. eta XIII. mendeetan asko zabaldu zen Orreagako abadetxearen ospea, lurralde eta aberastasun handien jabe egin baitzen. XIII. mendean Orreagako prioretxea Iruņeko apezpikuaren agindupetik guztiz banatu zen, eta Erromako Aita Santuarenganaino iritsi zen haren itzala. Kolegiatako erakundeak aunitz jabego eta errenta jaso zituten ondoko mendeetan, Nafarroako erresuman ez ezik baita inguruko beste erresumetan ere. Jakue bideari jarraiki 12 enkomiendak: Antxoritz, Artatxo, Atarrabia, Katalain, Zilbeti, Ekai, Larrosoaņa, Lorka, Azkoien, Zangotza, Tutera eta Zabaltzeta. Beste erresumetan honako enkomendak izan zituen: Galizia, Zamora, Segovia, Soria, Aragoi, Valentzia, Sevilla, Bolonia, Londres, Montpelier, Tolosa, Txanpaina...
Europako tenentziak galdu zituen lehenengo, XVI. mendeko protestanteen Erreformaren ondorioz. Penintsula, berriz, XIX. mendera arte mantendu zituen gehienak, desamortizazioaren garaia arte hain zuzen ere. Historian zehar zailak izan ziren luzaroan, eskubideak zirela eta, Orreagako elizako hierarkiaren eta Auritzeko biztanleen arteko harremanak. 1525ean, Auritzekoak Orreaga eta Luzaideko biztanle batzuen aurkako auzia jarri zuten, sorginak zirelakoan. Sutara eraman zituzten haietako batzuk. 1684an armada frantsesak konkistatu zuen Orreaga, baina berehala utzi egin zuten bailara, Kataluniako inbasioa lasaiago egiteko bitartekoa besterik ez baitzen izan. 1794an Konbentzio Gerraren garaian, oste frantsesak sartu ziren Orreagan eta monasterioa bipildu zuten. Gaur egun, esfortzu eta ahalegin handiak egiten ari dira Orreaga eta bere Kolegiata promozionatzen.
Loturak: Altabizkar-ko kantua;
Iturria: Lur Entziklopedia