<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Altabizkar-ko Kantua

Orreagako guduan (778) irabazle izan ziren baskoien ikuspegitik idatzitako dokumentu bakarrenetakoa da. Karlomagnoren kronikariek idatzitako La Chansons de Roland apologiari aurre egiten diona. Frantzisko Eugeni Garai Monglave baionarrak frantsesez idatzi zuen kantua eta Luis Duhalde Ezpeletarrak euskaraz jarri. 1834an argitaratu zen Baionako "Journal de L´Institut Historique-n" Donostia inguruan aurkitutako dokumentua zela esanez. Jende jakitun asko engainatu zuten, baina 1883an Wentuorth Webster abadeak agerian utzi zuen berriki asmatutakoa zela.

Oihu bat aditua izan da,

euskaldunen mendien artetik,

eta etxeko jaunak, bere atearen aitzinean zutik,

idekitu berriak eta erran du: -nor da hor? Zer nahi dautek?

Eta txakurra, bere nagusiaren oinetan lo zegoena,

altxatu da, eta garrasiz 

Altabizkar-en inguruak bete ditu.

 

Ibañetaren lepoan harrabots bat agertzen da,

hurbiltzen da, arrokak ezker eta eskuin jotzen dituelarik:

hori da urrundik heldu den armada baten burrunba.

Mendien kopetatik, guriek errespuesta eman diote,

berek duten seinua adierazi dute,

eta etxeko jaunak bere dardak zorrozten du.

 

“Heldu dira, heldu dira. Zer lantzazko sasia!

Nola zernahi kolorezko banderak heien erdian agertzen diren!

Zer tximistak ateratzen diren heien armetatik!

Zenbat dira? Haurra, kontadazak ongi”.

-“Bat, biga, hirur, laur, bortz, sei, zazpi, zortzi, bederatzi, hamar, hamaika, hamabi,

hamairur, hamalaur, hamabortz, hamasei, hamazazpi, hemezortzi, hemeretzi, hogoi”.

 

-“Hogoi eta milaka oraino;

heien kontatzea denboraren galtzea liteke.

Hurbil ditzagun gure beso zailak,

errotik atera ditzagun arroka horiek,

bota ditzagun mendiaren pattarra behera,

heien buruen gaineraino;

leher ditzagun, herioaz jo ditzagun.

 

Zer nahi zuten gure mendietatik

norteko gizon horiek?

Zertako jin dira gure bakearen nahastera?

Jaungoikoak mendiak egin dituenean,

gizonek ez pasatzea nahi izan du ”.

Baina arrokak biribil-kolika erortzen dira:

tropak lehertzen dituzte.

odola xurrutan badoa; haragi puskak dardaran daude.

O. Zenbat hezur karraskatuak! Zer odolezko itsasoa!

 

Eskapa, eskapa indar eta zaldi dituzuenak,

eskapa hadi, Karlomagno errege

hire luma beltzekin eta hire kapa gorriarekin;

hire iloba maitea, Errolan zangarra, hantxe hila dago

bere zangartasuna beretako ez du izan.

Eta orain, eskualdunak, utz ditzagun arroka horiek,

jauts gaitezen fite, igor ditzagin gure dardak

eskapatzen direnen kontra.

 

Badoazi, badoazi. Non da, bada lantzazko sasi hura?

Non dira heien erdian ageri ziren zer-nahi koloreko bandera haiek?

Ez da gehiago tximistarik ateratzen heien arma odolez beterik?

Zenbat dira? Haurra, kontadazak ongi”.

-“Hogei, hemeretzi, hemezortzi, hamazazpi, hamasei, hamabortz, hamalau, hamahirur,

hamabi, hamaika, hamar, bederatzi, zortzi, zazpi, sei, bortz, laur, hirur, biga, bat”.

 

-“Bat: ez da bizirik agertzen gehiago”.

Akabo da. Etxeko jauna, joaiten ahal zira zure txakurrekin,

zure emaztearen eta zure haurren besarkatzera,

zure darden garbitzera eta altxatzera zure tutekin,

eta gero heien gainean etzatera eta lo egitera.

Gauaz arranoak joanen dira haragi-puska lehertu horiek jatera

eta hezur horiek oro zurituko dira eternitatetan.

 

Iturria: Auñamendi (moldatua)