Aritza, Eneko

Eneko Aritza 770. urte inguruan jaio zen eta gutxi gorabehera 852an hil zen. Eneko Iņigo Ximenez izeneko Pirineoetako buruzagi baten semea zen, Aritza izeneko familiakoa, IX - X. m. bizi izan zena. Euskal Herriko errege dinastia izango zenaren sortzailea, Aritzaren inguruan sortu baitzen Iruņeko erret dinastia, Iņigotarrak izenez ere ezaguna.

824an, Pepin I.a errege frankoak eta bere menpeko jaun euskaldunak armada bidali zuten Iruņera, baina bueltakoan, Orreaga-Garaziko mendietan, Eneko Aritzak eta bere suhiek frankoen armadari garaitu zitzaien. Eblo eta Aznar Galindez I.a kondeak preso hartu zituzten. Baskoi nobleek Eneko Aritza errege goratu eta Iruņeko erresuma sortu zuten (824). Eneko Aritza saiatu zen buruzagi euskaldunekin harreman onak izaten eta familia loturak hedatzen, Tuterako Banu Kasi godo musulmanekin eta Gartzia "Gaiztoa" Aragoiko kondearekin bereziki. Lau seme alaba izan zituen: Asona, Muza Ibn Muza Ibn Fortunekin ezkondu zena; Galindo; Ona, Gartzia Gaiztoarekin ezkondua; eta Gartzia I.a Iņigez Iruņeko hurrengo errege izango zena. Halaber, Arabako Bela eta Belasko familiekin eta frankoen menpe bizi ziren Pirineoz bestaldeko euskaldunek bera alde jartzen.

Garai hartan Iruņea zenez baskoien hiri nagusia, Eneko Aritzak bertan kokatu zuen bere gortea. Iruņea leku estrategikoa bilakatzearekin batera frankoen eta arabiarren jomuga ere bihurtu zen. Eneko Aritzak ez zuen euskaldun guztiak aginte bakar batera ekartzea lortu, baina, baskoi-euskaldunak bizi ziren lurraldetara zabaldu zituen bere ekintza armatuak. Arabako lurraldeek etengabe jasaten zuten Asturias aldeko godoen, Kasio familiaren eta Zaragozako musulmanen erasoei aurre egin eta Iparraldetik zetozen frankoei eutsi egin zien.

842an, Kordobako Abd ar-Raman II.a emirrak eraso egitea agindu zuen kasitarren kontra, bere auka altxa zirelako. Muza Ibn Muza Ibn Fortun kasitarrak laguntza eskatu zion anaiorde eta aitaginarreba zuen Eneko Aritzari eta biek bat eginda egin zieten aurre arabiarrei. Arabiarrak Iruņeko lurretatik eragoztea lortu zuten, baina, hurrengo urtean (843) sartu ziren haien tropak hiriburuan. Eneko Aritza zauritu egin zuten bataila horretan eta bere semea Fortun Enekones batailan hil zuten. Hala ere, bakea egin ondoren arabiarrek onartu egin zizkioten errege euskaldunari bere lurrak.

Bien bitartean Europan Verdungo Banaketa egin zen (843) eta 850ean, berriz, Eneko Aritza Iruņeko erregeak eta Karlos Burusoila Frantzia eta Akitaniako erregeak Bake-Ituna egin zuten. Eneko Aritzaren garaian errotu ziren Nafarroako lurretan monasterioak, Leirekoa bereziki. Bere semea Gartzia I.a Iņigez (852 - 870) izan zen Iruņeko erresuman ondorengo erregea. 

Iturria: Lur/ Elhuyar

Kasitarren lurraldea eta Iruņeko erresuma Eneko Aritzaren garaian: