<<<Nagusira

 

 

puntubi.com

 

puntubi.com

 

>BIANAKO HISTORIA   

 

 1. Hastapenak

 Bianako lurretan, Nafarroa Garaiaren hego mendebaldean, indusketa arkeologikoek berrogeita hamarren bat aztarnategi prehistoriko eta historiko azaleratu dituzte, gure inguruetakoen artean lurrik aberatsenetakoa dela berretsiz.

 Azken aurkikuntza, Longarreko hipogeoa da. Bianaren mugartearen iparraldean kokatua, lurpeko hilerri hori, 4.000 urte ingurukoa, bere gisakoen artean Nafarroa osoko bitxiena eta garrantzitsuena jotzen dute.

 2. Antso VII.a Azkarra

Biana, 1219an sartzen da lehenbizikoz historiografia ofizialean, Antso VII.a Azkarrak hirigune nagusia izanen zuena berreraiki eta birpopularazi zuenean. Horrek defentsa-arrazoiak ditu nagusi: Nafarroa Garaiko muga indartzeko gotorleku bat eraikitzea Logroño, Gaztelarren mendeko hiririk handienaren aurrean. Horretarako inguruko herrixketako biztanleak bereganatu zituen Fuero del Aguila delakoaren bitartez.

 Horrekin batera, hiri berriak bere muinotik garai hartako bide kultural, ekonomiko eta politiko nagusia ikusbidean du: Jakue bidearen Frantses ibilbidea.

 Gaztelu batez, harresiz, hauei loturiko bi elizaz hornitua da; erromatarren kanpamentu mitikoetatik ikasitako hirigintza-ereduen arabera eraikia izan zen hiriak, Erdi Aroan setio eta gatazka ugari jasan zuen eta Gaztelaren menpe geratu zen tarte laburretan.

 Garai horretatik du “Muy Noble y Muy Leal” titulua.

 3. Bianako Printzerria

 Ingalaterrako Erregeak Galesko Printzerriarekin, Frantziakoak Delfinerriarekin eta Gaztelakoak Asturiasko Printzerriarekin egin zuten bezala, Nafarroakoak, Karlos III.a Prestuak, 1423ko urtarrilaren 20an Bianako Printzerria eratu zuen, nafar tronoaren oinordeko guztiek titulu horren jabe izan zitezen.

 Hiru urte zituela -1424eko abuztuan-, bere ama Blancaren besoetan, Karlos printzeak Lizarrako merinaldeko mendebaldean kokatutako bere hamahiru hiri eta gazteluen jabetza hartu zuen, Guardia eta San Bicente Sonsierra barne.

 Bere bizitza osoa, etengabeko borrokatan eman zuen. Nafarroako Erreinuaren Gobernadore, Kataluniako Gobernadore Nagusi, bere aldekoak ziren beamontarrek errege aldarrikatua, Bartzelonan hil zen 1461ean. Katalanek kanonizatu nahi izan zuten. Pobleteko monastegian lurperatua da. Historiagile batzuk diotenez, Margarita Colón andrearekin Mallorcan izan zituen amodio-harremanetatik sortu zen Amerikaren Aurkitzailea.

 4. Bargotako Aztia

 Bargotako Aztia pertsonaia historikoa izan zela frogatzeko aski da jakitea Antonio de Guevarak, Europan modako idazlea izan zenak, 1522an idatzitako gutun batean bizi zela zioela. Martín de Castañegak ere aipatzen du handik zazpi urtetara Logroñon argitaratutako liburu batean.

 Mende honetako hogeigarren hamarkadan Aguilar Kodesko Agapito Martínez Alegríak, Orreagako liburuzaina zenak, liburu bat argitaratu zuen nigromantiko ospetsuari buruz, eskualdeko herri-oroitzapenak bilduak zituen datuak abiapuntu hartuz.

 Johanes, apezgora sekula iritsi ez zena, Calahorrako inkisizio-mahaiak epaitu zuen. Bere garaikideek deabruarekin ituna egina zuela eta petrikiloa zela uste zutela gauza jakina da.

 Haren mirarien artean bada bat kultura askotan jainko eta heroiei egotzi ohi zaiena: bere etxea gau batean eraiki zuela, eta hurrengoan bere ikuiluak, gaur “Arenchu”koak deriztenak (“Erentzun” euskal deitura desitxuratua nabari da hor). Valcarderako lurretan daude, Frantses Bidetik urrundu gabe.

 Hortik hartu du bere izena Bianako ikastolak.

 5. Cesar Borgia

 Zesar Borgia, bere deitura italieraratuaz ezagutzen dugu, baina Aragoa eta Valentziako Borjatarretakoa zen eta bere aita Alejandro VI.ak elizgizon karrera egitera bultzatu zuen. 1492an Iruñeko apezpiku zela, anaia baten heriotzak norabidea aldarazi zion eta Aita Santuaren armadako kapitain buru izatera ailegatu zen. Ondoren, Fernando II. Inkizisiokoak Gaztelara ekartzea agindu zuen.

 Ihes eginik, 1506an iritsi zen Iruñera. Handik laster, bere koinatua zen Joan II.a Labritekoak nafar armaden kapitain nagusi izendaturik, Bianako gaztelua setiatu zuen, eta 1507ko martxoaren 12an hil zuten.

 Santa Mariako aldarean zegoen hilobi eder bat bazen haren oroimenean, eta hortik hartu zuen 1523an Johanes de Bargota aipatzen zuen Antonio de Guevarak bere hilartitza.

 Elizatik atera eta 1953ra arte ez zuten itzuli bere harmaila. 1965ean busto bat dedikatu zitzaion  -Orduna eskultore erronkariarrarena- Sor Simona Oroz edo San Frantzisko Plazan.

 Gaurko bianarrek busto horri maglia rosa edo maillot horia paratzen diote Migel Indurainek proba horietakoren bat irabazten duenean.

 6. Hiri titulua

 Bianak hiri titulua Espainiako Felipe IV.ari erosi zion. Nafarroako bederatzi hirietako bat da. Gaztelua eta Soto Galindoko lurrak eskuratu zituen, gaur egun duen herrilurrik  handiena.

 Errenazimendu eta Barrokoan Bianak harresia eskuratuko du –Erregearena zen-, kale gehiago egin, atariak erantsi, elizak zabaldu, eraikiko ditu etxeak, plazak, udaletxea, zezenetarako balkoiak, iturriak, Frantziskotarren komentua eta Ebroren ertzean Rekajoko errota.

 1592an Enrique Cock humanista eta soldaduak herri honetatik igarotzean hauxe adierazi zuen:

 “Bada Eskualdean ogi ugari eta ardo on eta merkea franko, Bianako ardandegia Nafarroako Erresuma osoa ardoz hornitzeko gai da behar izanez gero, eta hemen Gaztelan baino merkeagoa da dena”.

 Aipamen honen ildotik, 1752an Caracas-ko Erret Konpainia Gipuzkoarrak uxual edo pattar destilategi bat eraiki zuen.

 Iruñean 1665ean, goian aipatutako erregearen hileta zela medio antolatutako lehiaketan Francisco Alesónek, Bianako seme zen jesuita historialari prestuak, irabazi zuen saria euskarazko poema batekin.

 

 7. Frantsestea eta karlistadak 

 XIX. mendea Iruña-Logroño Errepidearen eraikuntzarekin hasi zen. Handik pixka batera San Pedro eliza koartel nagusitzat hartu zuten frantsesek. Gudaroste kantonatuentzat eta pasadizokoentzat –frantsesak, ingelesak, portugesak, gerrilak, Minaren Nafarroako Dibisioa- eman behar ziren errazioek orube eta herri-lurrak saldu beharra ekarri zuten.

 1834ean Tomas Zumalakarregi gipuzkoarrak Alberguería deritzan lautadan –hiriaren hegoaldean- estreinatu zuen bere lantza luzeko zalditeria. Jakue bideko leku hori izango zen 1975ean karlista eta liberalen arteko preso trukaketarik handienaren gertaleku.

 Bien bitartean San Pedro eliza erori eta Recajoko lursail handia saldu beharra izan zen.

 Mende bukaeran urtegia egin zen, udal abere-saila eskuratu, Foruen iturrira ura ekarri, eta 1897ko azaroaren 24ean herrira argi-indarra iritsiko da.

 Gutxigatik ez zuen argi-indarra ikusi Frantzisko Navarro Villoslada bianarrak, bi urte lehenago hil baitzen “Amaya o los vascos en el siglo VIII”ren idazlea eta “Asociación Euskara de Navarra”ko kide zena.

 

 8. XX. Mendea

 Lehenbiziko urteetan emigrazio handia nabari da, filoxera izurriteak eta ia etengabeko lehorteek eraginik.

 1908an “Gremio de Obreros y Asociados” delakoa sortu zen, kutsu katolikokoa; 1919an jornalarien artean lur-sailak banatzen hasten dira; Errepublika iristerako iturriko ura bazen etxe guztietan; Autonomia-Estatutuei dagokienean, berriz, udalak, gehien bat tradizionalista, hiriburutik emandako agindu eta gorabeherei loturik ibiliko da.

 40-50 hamarkadaren azkenean ardo eta oliogintzako kooperatiba sortu zen, eta Salobreko bigarren urtegia bukatu.

 1960ean 2.513 biztanleetatik askorentzat ezinbestekoa zen emigrazioari hesia jarri zitzaion Nafarroako Sustapen Programaren bitartez, hiriari Poligonoa eman baitzion. Ikuspuntu ekonomiko eta sozialetik munta handiko gertaera izan zen.

 Ur bilketa berria, Zaharren Egoitza, Jubilatuen Etxea, Santa Mariaren garbiketa, Kultur Etxea, Kiroldegia, Eskualdeko Osasun Etxea, Egoitza handitzea, erromesen etxea laster, etab.: horiek guztiek egiten dute Biana itxaropenez betetako hiria.  

            

 Testuak: Félix Cariñanos "Ibilaldi bat Biana Barna" ikastolak argitaratutako liburutik aterata.

 

 

5.- Bidali informazioa

 

Zeri buruz:

Zure e-posta:

Idatzi hemen nahi duzun informazioa:

Zure izena (goitizena)