Karlos III.a Prestua
Karlos III.a Prestua Nantes-en jaio zen 1361 eta Erriberrin hil 1425ean. Nafarroako XXVII. erregea (1387 - 1425), Karlos II.a Nafarroakoaren eta Joana Frantziakoren semea.
Gaztelako Enrike II.aren alaba Leonorrekin ezkondu zen eta bi erresumen arteko harremanak sendotu zituen (1375). Bake-giroa nagusitu zen bere erregealdian eta inguruko erresumekin nahiz atzerrikoekin hainbat itun eta akordio sinatu zituen; horrela, Gaztelak kendutako gotorlekuak berreskuratzea lortu zuen. Bakea mantendu asmoz, bere alabak gizon handikiekin ezkondu zituen: Joana alaba, Foixko Joanekin; Blanka, berriz, Aragoiko erregearen seme Martin Gaztearekin, eta alargundu zenean Gaztelako Fernando erregearen seme Joanekin (1420). Frantziarekin harremanak konpontzen saiatu zen; horretarako Normandiako lurren jabetzari uko egin eta horren truke Nemours-ko dukerriaren errentak jaso zituen.
Barne-politikan, nafar herri eta ondoko auzoen arteko gatazkak berriro piztu egin ziren, baina Karlos III.ak guztiak batzeko pribilegioa sinatu zuen 1423an; handik aurrera hiria, burgua eta auzoak hiri bakarra izan ziren eta Nafarroako Foru Orokorra izango zuten indarrean, alkate, epaile eta zinegotzi komunekin. Biana buru izango zuen Bianako printzerria sortu zuen bere iloba Karlos IV.a oinordekoarentzat (1423). Hil zenean, bere emaztearekin batera hilobiratu zuten Iruņeko katedralean (1425). Ondorengoa Blanka I.a Nafarroakoa izan zen.
Loturak: Martin Getaria; Godofre; Gilaume Arnaud Laborde; Lantzelot Nafarroakoa; Pedro Laxage; Joan Liedena; Oger Maulekoa; Pierres Azkoiengoa Zaharra;
Iturria: Elhuyar