Felipe IV.a
Felipe IV.a Valladolid-en jaio 1605ean eta Madril-en hil 1665ean. Espainiako erregea (1621 - 1665). Felipe III.aren eta Margarita Austriakoaren semea. Nafarroako Enrike III.aren alaba Isabel Borboikoarekin ezkondu zen lehenengo (1620) eta bere iloba Mariana Austriakoarekin gero (1647).
Olivaresko konde-dukea izan zuen begiko eta haren politikak Inperioaren gainbehera azkartu zuen. Kanpo-gatazkak ugaldu egin ziren: Probintzia Batuekin 1609an sinatutako hamabi urteko tregua amaitu zen (1621) eta hasi berria zen Hogeita hamar Urteko gerra (1618 - 1648) Europa osora zabaldu zen. Barnean, gerrari eutsi ahal izateko presio fiskalak nazionalitate foralak asaldatzea ekarri zuen: Euskal Herrian gatzaren matxinadak (1631koa - 1632koa eta 1633-34koa); Portugalek independentzia berreskuratu eta Katalunia ere matxinatu egin zen (Segadorsen gudua, 1640). Olivares bota eta Haroko Luis Méndez izendatu zuten balido (1643).
Wesfeliako bakean Probintzia Batuek independentzia lortu zuten (1648), baina Frantziarekin gerra segitu zuen, harik eta Pirineotako bakean (1659) Espainiak Roselló, Artois, Sardinia eta Flandesko zenbait hiri galdu arte. Gertaera horiek Frantziaren hegemonia Europan bermatu zuten, Espainiaren kaltetan. 1660an beraien alaba Maria Teresa Frantziako Luis XIV.arekin ezkondu zen, Hondarribin lehenengo ahalordezko ezkontzan eta Donibane Lohitzunen gero esposatze zeremonian.
Loturak: >Itzulketa-gerra; >Palafox, Joan; >Vallecilla, Martin;
Iturria: Elhuyar