<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

ELA - Euzko Langilleen Alkartasuna

Hego Euskal Herriko sindikatu abertzalea. 1911n sortu zen Solidaridad de Obreros Vascos (SOV) izenaz. EAJren inguruko sindikatu kristaua zen. Espainiako Bigarren Errepublika garaian indar handia hartu zuen; EAJrekin harreman handiak zituen eta honek gora egin ahala sindikatuak ere hala egin zuen. 1929an eta 1933an egin zituen lehen kongresuak eta orduan hartu zituen sindikatu-ezaugarri klasikoak; 1933an ELA-STV izena hartu zuen. Espainiako Gerra Zibilean jarduera sindikal guztiak eten egin zituen.

Gerra ondoren erbestean segitu zuen lan sindikala egiten, Euzko Jaurlaritzaren ondoan. 60ko hamarkadan Hego Euskal Herrian berregituratzen hasi zen. Euskal abertzaletasunaren inguruan izandako aldaketek sindikatuan ere eragina izan zuten. ELAko zenbait kide ez zegoen erbesteko buruekin ados: EAJrekiko lotura haustearen eta kristau konfesional izatetik sozialista izatera aldatzearen aldekoak ziren. Erbestekoekiko lotura hautsi eta ELA-Euskadiko Mugimendu Sozialista sortu zuten; talde horrek ESB alderdi politikoa bultzatu zuen frankismoa amaitzean. Besteek sindikatu izateari eutsi eta erbesteko agintariekin harremanak berritu zituzten, ELA izenarekin jarraituz. Bazen, ordea, korronte ofizialarekin ados ez zegoen beste talde bat; banandu eta "ELA-STV(a)" -askatua- izena hartu zuen. Espainiako Gerra Zibilaren ondoren egindako lehen kongresuan (Eibar, 1976), erbesteko ELArekin bat egin zuen eta sindikatuaren oinarriak ezarri zituen, Euskal Herriko langileen klase-sindikatu autonomo eta nazionaltzat definituz. Geroztik, ELA/STV(a) ere ELAra hurbildu eta 1990ean batu egin ziren. Gaur egun Hego Euskal Herrian ordezkari gehien lortu dituen sindikatua da.

Loturak: Xabier IzkoJulio JauregiPolikarpo LarraņagaJesus LarraņagaSantiago Meabe; Uzturre, Jesus Insausti

Iturria: Harluxet