Fernando VII.a Espainiakoa
Fernando VII.a El Escorial-eko San Lorenzon jaio zen 1784an, eta Madrilen hil 1833an. Espainiako erregea (1808an eta 1814 - 1833), Parmako Maria Luisa eta Karlos IV.aren seme eta ondorengoa. Lau alditan ezkondu zen: Napolesko Maria Antonia (1802); Braganzako Isabel (1816); Sajoniako Maria Josefa Amalia (1819) eta Maria Kristina Borboikoa (1829).
Godoy, bere ama Maria Luisaren begikoa zen, baina, Fernandok haren kontrako talde bat antolatu zuen. Napoleonekin ezkutuko harremanak izan zituen. 1808ko martxoaren 17an, Aranjuezko matxinadak Karlos IV.a aita erregetzatik bota eta haren ordez aitak beraren alde abdikatu zuen. Murat jeneral frantsesak Madril hartu zuenean, Karlos IV.a eta Fernando VII.a Baionara joan ziren, Napoleonek horretara behartuta. Napoleonek Baionako elkarrizketetan, frantziarraren anaia Jose Bonaparte Espainiako errege ezartzea lortu zuen 1808ko maiatzaren 2an. Ondorioz piztu zen Frantziaren kontrako gerra (1808 - 1814). Bukatu arte, Fernando Valençay-ko gazteluan atxilotuta egon zen.
Mendizabalen tropek Bilbo frantziarren eskuetatik hartu zutenean, Fernando VII.a errege izendarazi zuen eta Cádizko Konstituzioa zinarazi zion (1812).
Fernando VII.a Espainiara itzuli bezain laster, 1812ko Cádizko konstituzioa baliogabetu, absolutismo hutsa berrezarri eta liberalak gogor jo zituen. Riego jeneralaren matxinadak (1820) erregea Konstituzioa sinatzera behartu zuen, baina Hirurteko Konstituzionalaren ondoren, Angulema-ko dukearen San Luisen Ehun Mila Semeen armadaren indarrez, absolutismoa itzularazi zuen (1823). Hala ere, Hego Euskal Herriko probintzietako foruek berdin nozitu zuten liberalismoak aurreikusitako zentralizazioa
Lau alditan ezkondu arren, alaba bakarra izan zuen, azken emazte Maria Kristinak emandako Isabel hain zuzen ere. Emakumezkoak erregina jaraunslea izatea debekatzen zuen "Ley Salica" indargabetu eta Isabel alaba erregina izendatzea ahalbidetzen zuen 1830eko Santzio Prakmatikoa eman zuen. Hil zenean, bere anaia Don Karlos eta Isabel II.a alabaren aldekoen arteko Lehen Gerra Karlista, hasi berria zegoen (1833).
Loturak: Florentzio Gartzia Goiena; Pedro Agustin Giron; Gaspar Jauregi; Migel Lardizabal; Ugarte, Antonio; Urbiztondo, Antonio; Zuaznabar, Felix;
Iturria: Elhuyar/ Lur