<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
domingotar
San Domingo de Guzmán-ek 1215ean albitar heresiaren aurka borrokatzeko fundatutako erlijioso-ordenako kidea eta delako ordenari dagokiona. Domingotar izenaz ezagutzen diren ordena eta konkregazioak asko dira. Aurrena Fraide Predikarien ordena da, eskeko ordena nagusietakoa, San Domingok sorturikoa. San Agustinen erregela hartu zuen oinarritzat. Ordenaren helburu nagusia kristau-doktrina predikatzea zen; horretarako teologi ikasketak bultzatu zituen.
Teologo handiak eman ditu ordenak, San Alberto Handia eta San Tomas Aquinokotik hasita; XX. mendean, berriz, Garrigou-Lagrange, Chenu eta Congar beste hainbaten artean; halaber, domingotar sonatuen artean aipatzekoa da Bartolomé de las Casas Amerikako indioen defentsan egindako lanagatik. Bestalde, dogma katolikoaren defentsan beteriko eginkizunagatik, erantzukizun apartekoa eman zion aita santuak domingotarren ordenari Inkisizioaren lanetan. Elkarteko biziera egiten dute fraideek; lurralde bakoitzeko etxeek erlijioso-probintzia eratzen dute; eta munduko etxe guztiek ordena osotzen dute, maisu jeneralaren menpean. Mundu osoan zehar dago zabaldurik domingotarren ordena; Euskal Herrian etxe bakarra dauka gaur egun ordenak. Fraide predikarien ordenarekin batera, bada baita domingotar bigarren ordena ere, emakumezkoena, klausurakoa, San Domingok berak 1206an eraikia.
Domingotar hirugarren ordena izenekoa, berriz, San Domingoren espiritua eta misioa bizi nahi duten laikoek osatzen dute; horietako batzuek, elkartean bizi nahi zutenek, Domingotar hirugarren ordena erregeladuna eratu zuten geroago. XIX. eta XX. mendeetan emakumezkoen kongregazio asko sortu ziren, domingotar ordenaren inspirazio espiritualekoak, irakaskuntza, gaixoen zaintzea edota bestelako karitatezko lanak helburutzat dituztenak. XIII. mendearen hasieran jarri zuten domingotarrek Euskal Herriko lehen etxea, Baionan. Domingotar euskal herritar ospetsuak dira: Frantzisko Vitoria, Bartolome Karranza eta Domingo Erkizia, Migel Aozraza eta Balentin Berriotxoa santuak.