Sagasta, Práxedes Mateo
Práxedes Mateo Sagasta Torrecilla de Cameros-en, Logroño, jaio zen 1825ean eta Madril-en hil 1903an.
Liberalen aldeko ideiak jaso zituen familiarengandik eta haien alde borrokatu zuen gazte-gaztetatik. Bide-ingeniaritzarako ikasketak egin zituen Madrilen. Ikasle zelarik Alderdi Progresistan sartu zen. Bi aldiz erbesteratu behar izan zuen Frantzian: O´Donell-ek gobernu progresista ezarri zuen matxinada bitartean (1854 - 1856) eta Prim jeneralaren altxamenduaren ondoren (1866).
1868ko iraultzan parte hartu ondoren, barne-arazoetako ministro (1868 - 1870) eta Amadeo I.aren agintaldian gobernuko lehendakari (1871-72) izan zen. Mazoneria espainola berregituratu zuen eta 1871 - 1902 bitartean, zenbait alditan, gobernuko lehendakari izan zen. Gobernuburu zelarik egintza nabarmenenak zerak izan ziren: 1881 - 1883 urteetan, aurreko gobernuek irakaskuntzatik botatako irakasleei lehengo karguetara itzultzeko eskubidea eman zien eta, "Policia de imprenta" izeneko legea zabaldu zuen, prentsari askatasun handia ematen ziona.
Hala ere, Alfontso XII.a hil ondoren (1885) eta Canovas del Castilloren aginduz, bere finantzetarako ministroa Gamazok zerga sistema aldatu nahi izan zuen dekretuz (1893), baina, nafarrak horren kontra altxa egin ziren "gamazada" izeneko matxinadan (1893-94). Langileei sindikatuetan antolatzeko eskubidea ezagutzen zien "Elkarteen Legea" ezarri zuen (1887), zibilez ezkondu ahal izateko "Kode zibila" (1888) eta gizonezkoentzat sufragio unibertsala. Orduko politika kolonialak Ameriketako Batasunaren aurkako gerra sortu zuen (1898). Maria Kristina Habsbourg erregeordearen garaian Gaztelako inperioaren gainbehera areagotu zen etengabean. Espainiak Kuba, Puerto Rico eta Filipinak galdu zituen, Parisko Ituna (1898).
Iturria: Elhuyar/ Lur