Leizaola Santxez, Jesus Maria
Jesus Maria Leizaola Donostian jaio zen 1896an eta bertan hil zen 1989an. Gipuzkoako Foru Aldundiko abokatua (1915), Eusko Ikaskuntzaren I. Kongresuaren antolatzailea (1918) eta Bilboko Udaleko Hazienda Saileko burua izan zen (1919). Eusko Ikaskuntzaren III. Kongresuan, Alfontso XIII.a zetorrela eta, Euskal Unibertsitatea eskatu zuen eta atxilotu egin zuten (1922). EAJko Gipuzkoako diputatu izan zen Bigarren Errepublikako Gorteetan (1931 - 1933); Errepublika garaiko konstituzioa idazten partaide; Gipuzkoako Foru Aldundiko idazkari (1934-36) eta Euzko Jaurlaritzako Justizi eta Kultur kontseilaria izan zen (1936). Espainiako Gerra Zibilean, behin-behineko Defentsa-batzordeko lehendakaria izan zen; Frantziara joan eta euskal erbesteratuentzat laguntza prestatzen aritu zen. Bigarren Mundu-Gerran aliatuen aldeko informazio- eta komunikazio-zerbitzuan lan egin zuen. J.A. Agirre lehendakaria hildakoan, erbesteko Euzko Jaurlaritzako lehendakari hautatu zuten (1960). Franco hil eta handik gutxira Donostiara itzuli zen eta 1980an Eusko Legebiltzarreko EAJko parlamentario hautatu zuten.
Politikariaz gainera, idazlea ere izan zen; euskal poesia, eta, oro har, euskal gaien azterketa egin zuen (Literatura Vasca, 1923; Contribución de los vascos a la formación y a la ciencia del Derecho, 1937; Estudios sobre la poesía vasca, 1951; La "Crónica" en la poesía popular vasca, 1961; Líneas generales de la formación de la economía vasca en la historia hasta hoy, 1962; La marina civil vasca en los siglos XIII, XIV, XV, 1984). Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko kidea eta euskaltzain ohorezkoa izan zen (1984). Euskal Herriko aldizkarietan euskaraz zein gaztelaniaz idatzi zuen.
Loturak: Nardiz, Gonzalo;
I: Harluxet