Espoz eta Ilundain, Frantzisko
Frantzisko Espoz Idotzin-en, Nafarroa, jaio zen 1781ean eta Bartzelonan hil 1836an.
Frantzisko, "Espoz eta Mina", izenaz ezaguna izan zen. Napoleonen kontrako gerran, 1809an, bere iloba Martin Xabier Minaren gerrilla taldean sartu zen. Urtebete beranduago Harizperen osteek bere iloba Martin Xabier preso hartu zuten (1810). Urte berean, Nafarroako talde gerrillari guztien buru izendatu zuten Frantzisko. 1810 - 1813 bitartean etengabe eraso zien frantsesei, Iruņea setiatu zuen eta garaipen handiak lortu zituen: Tiebas, Untzue, Carrascal, Arbalan, Rocafort, Lizarra, Maņeru...
Berehala jabetu zen Nafarroaz eta frantsesak hirietan ezkutatu behar izan zuten. Wellington dukearekin harremanetan jarri zen eta hark Zaragoza hartzera bidali zuen, baita hartu ere. Gerra amaitu ondoren, Fernando VII.ak armada guztiak deuseztatu eta ez zituen Minatarren merituak behar bezala saritu. Espoz absolutismoaren aurka altxa eta bere iloba Martin Xabier Minarekin Garesko matxinada antolatu zuen (1814). Frantziara atzerriratu behar izan zuen.
1820ean, Nafarroara itzuli zen Riegoren matxinadan parte hartzera. Galiziako Kapitain Nagusi izendatu zuten 1821ean eta urtebete beranduago Kataluniara jo zuen absolutisten aurkako gerra zuzentzera. Hasieran garaipen ugari lortu bazituen ere, San Luisen Ehun Mila Semeen inbasioa gertatu zenean (1823), gerrilla guduari ekin behar izan zion berriro. Zaurituta gertatu ondoren Bartzelonara erretiratu eta lau hilabetez zuzendu zuen bertako defentsa. Espozek urtearen amaieran izenpetu zien errenditzea frantsesei eta Ingalaterrara jo zuen beste zenbait buruzagi liberalekin batera.
Hego Euskal Herrian sartzeko hainbat saio egin zituen; 1830ean, Beratik igaro nahi izan zuen, baina, taldeko gudari asko galdu eta Espoz ere larri ibili zen. Hala ere, Espainiako Fernando VII.a hil ondoren, amnistia orokorra aldarrikatu eta Nafarroako erregeorde izendatu zuten (1834). Lehen Gerra Karlista piztu zen jada (1833) eta Espoz karlisten aurka borrokatu zen, Zumalakarregiren aurka batez ere. Kataluniako Gobernu Batzordeak Kapitain Nagusi izendatu zuen, 1835ean. Gaixo eta zahar egon arren, hainbat garaipen lortu zituen karlisten aurrean. 1836ko abenduaren 23an hil zen, eta Iruņeko katedralean hilobiratu zuten.
Loturak: Joan Antonio Gerge; Gaspar Jauregi;
Iturria: Elhuyar/ Lur