Jauregi Jauregi, Gaspar
Gaspar Jauregi Urretxun jaio zen 1791an eta Gasteizen hil zen 1844an. Napoleonen osteak Gipuzkoa inbaditu zuenean, artzaintzari utzi eta partida bat eratu zuen (1810). Hiru batailoi osatzera iritsi zen; frantsesen mezulariei eta konboiei eraso egin, buruzagiak preso hartu eta armak kendu egiten zizkieten. Frantsesen jazarpenetik ihesi Nafarroara joan zen; Espoz Minarekin harremanetan jarri eta jeneral nafarrak Gipuzkoan zituen soldaduak Jauregiren aginduetara jarri zituen.
Frantsesen aurka borrokatu zen, britainiarrek gerrillari nafarrentzat armak Lekeition lehorrera zitzaten (1812). Napoleonen aurkako gerraren ondoren bizitza militarrari utzi eta bere jaioterriko alkatea izan zen. Fernando VII.aren erregealdian erregimen konstituzionalaren aldeko jarrera hartu eta Frantziara ihes egin behar izan zuen (1815-20). Fernando VII.a hil eta Lehen Gerra Karlista piztu zenean Frantziatik itzuli eta Maria Kristinaren alde jarri zen; Zumalakarregiren kontra borrokatu behar izan zuen (1833). Gerra amaitutakoan, euskal probintzietako kapitain jeneral eta Gipuzkoako komandante jeneral egin zuten. 12 ahapaldi idatzi zituen euskaraz, Isabel eta Maria Kristina erreginei eskainiak.
Iturria: Harluxet