<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
EE - Euskadiko Ezkerra
Hego Euskal Herriko alderdi politikoa (1982 - 1993). Lehenago hauteskunde-koalizioa izan zen, ezker iraultzaileko indarrak elkartu zituena (1977). Hasieran, KAS (EHAS, EIA eta LAIA), EMK, Eusko Sozialistak, Euskal Komunistak eta independenteek osatu zuten koalizioa, baina berehala, EHAS, LAIA eta independente batzuek koalizioa utzi egin zuten. Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban hedatu zen, batik bat; Nafarroan antzeko koalizioa UNAI (Ezkerraren Batasun Nafarra), izan zen. Hauteskundeen ondoren Euskal Komunistak taldea desegin egin zen eta Eusko Sozialistek koalizioa utzi egin zuten. OIC alderdia koalizioan sartu zen 1978an; urte berean EMK eta OICek koalizioa utzi egin zuten eta HASI alderditik irtendako EKIA kolektiboa sartu zen. Geroztik EIA eta independenteek bakarrik osatu zuten koalizioa. 1981ean EIA desegin egin zen eta Euskadiko Ezkerra EPK alderdira hurbildu zen.
1982an EIAk eta EPKk Euskadiko Ezkerra-Izquierda Para el Socialismo (EE-IPS) alderdi politikoa eraiki zuten. Mario Onaindia idazkari nagusi eta Juan Mari Bandres lehendakari izendatu zituzten. Urte horretan bertan lehen EIAkoa izandako Ezker Berri taldea EEtik irten egin zen. Partiduaren IV. kongresuak zatiketa baten oinarriak ezarri zituen (1991): Auņamendi sektoreak, kongresua galduta irten eta EuE alderdia sortu zuen (1992) eta EEn geratu zirenek, erdiak gutxi gorabehera, PSE-PSOErekin bat egiteko bideari ekin zioten. 1993an PSE-PSOEri batu zitzaion eta PSE-EE/PSOE alderdia sortu zuten. Alderdi berria Euskal Autonomi Elkartera mugatuta dagoenez, EEko Nafarroako kideak bategite-prozesutik kanpo geratu ziren.
Loturak: Patxi Iturrioz; Xabier Izko; Frantzisko Letamendia;
Iturria: Harluxet