<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
EPK - Euskadiko Partidu Komunista
Hego Euskal Herriko alderdi politikoa (Bilbo, 1935). Espainiako PCE alderdiaren adar gisa sortu zen; Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba hartzen zituen. Joan Astigarribia izan zen aurreneko lehendakaria. Espainiako alderdian pisu handia izan zuten euskal komunistek: Dolores Ibarruri, Perez Solis, etab.ek. Autonomi estatutua onartu eta errepublika garaiko Euzko Jaurlaritza osatu zenean, Astigarribia Herri-lanetarako kontseilari izan zen. 1960ko hamarkadan CCOO eta langile-erakundeen inguruan berrantolatzen hasi zen. 1978an Nafarroako Alderdi Komunista EPKn sartu zen; Espainiako 78ko Konstituzioari eta Gernikako Estatutuari baiezkoa eman zien. 1980an bi joera nagusi azaldu ziren: marxismo-leninismoa eta eurokomunismoa. 1981eko kongresuan, eurokomunistak irabazle atera ziren, Roberto Lertxundi buru zutela. 1982an EIA alderdiarekin elkartu eta Euskadiko Ezkerra (EE) eraiki zuten biek. EPKko sektore ortodoxoa, Ramon Ormazabal buru zuena, guztiz indargabetuta geratu zen, eta Espainiako Izquierda Unida IU-Ezker Batua koalizioa eratzean (1986), haren baitan suntsitu zen.
Loturak: Ormazabal Tife, Ramon; Perezagua, Facundo;
Iturria: Harluxet