<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Liga Saindua
Europan Aro Modernoan izandako hainbat koalizioren izena.
Lehenengo biak Italiako gerren garaian egin ziren. Frantziako Karlos VIII.aren aurka elkartu ziren (1495), Aragoi eta Gaztelako Fernando II.a, Alexandro VI.a aita santua, Milan, Venezia eta Maximiliano I.a enperadorea, eta Ingalaterra batu zitzaien (1496). 1498an desegin zen Liga.
Bigarrena, 1511n sortu zuten Eliz Estatuek (Julio II): Veneziak eta Aragoi-Gaztelak Frantziako Luis XII.aren aurka. Suitza eta Ingalaterra batu zitzaizkien (1513), baina Venezia Frantziaren alde jarri zen.
(1570 - 1573), Liga Saindua eratu zuten Eliz Estatuek, Veneziak eta Espainiak, turkiarrek Zipre hartu zutenean, eta Lepantoko itsas guduan garaitu zituzten (1571).
(1684 - 1699), Liga Saindua Austriak, Poloniak, Errusiak eta Veneziak eratu zuten turkiarren aurka.
(1576 - 1594) Liga Saindua izena hartu zuen, halaber, protestanteen aurka borrokatu ziren katoliko frantsesen konfederazioak. Guiseko dukeak ez zuen Nafarroako Enrike III.a Frantziako erregegai onartu. Frantziako Enrike III.ak Guiseko dukea hilarazi zuen (1588). Mayenne-ko dukea jarri zen katolikoen buru eta gerrari ekin zion Frantziako erregearen aurka. Enrike III.a hil zenean (1589), Nafarroako Enrike III.a egin zuten Frantziako errege (Enrike IV.a). Mayenneko dukeak ez zuen horrelakorik onartu eta Borbongo kardinala izendatu zuen errege (Karlos X). Parisen eutsi zioten katolikoek protestanteei, Espainiako armadak lagunduta. Hitzarmen batera iritsi ziren Mayenne eta Enrike IV.a (1594): katoliko bihurtu zen erregea eta desegin egin zen Liga Saindua.
Loturak: Alexandro Farnese;
Iturria: Harluxet