Enrike III.a Frantziakoa
Enrike III.a Fontainebleau-n jaio 1551ko azaroaren 19an eta San Cloud-en hil zen 1589ko abuztuaren 1ean, Katalina Medici eta Frantziako Enrike II.aren hirugarren seme eta oinordeko izan zen. Frantziako erregea (1574-1589). Anjou eta Orléansgo dukea.
Bere ama Katalina Medicik hautesleak erosi, eta Enrike, Poloniako errege izendatzea lortu zuen (1573), baina urtebete geroago, bere anaia Karlos IX.a Frantziakoa hil zenean, Poloniakoa utzi eta Frantziara deitu zuten (1574). Erresuma zatituta zegoen: alde batera, Nafarroako Enrike III.ak babestutako protestanteak; eta bestera, Enrike Guisekoak sortutako Liga Katolikokoak. Frantziako Enrike III.ak ez zuen politika argirik hartu. Protestanteen kontra borrokatu ondoren, Politikoen alderdiari jarraitu eta bakea izenpetu zuen Enrike III.a Nafarroakoarekin: Monsieur-en Bake Ituna, 1576an. Bitartean, Enrike Guisakoak Katolikoen Liga osatu eta erregea eraman zuen bertara.
Ondorioz, berriro hasi zen gerra higanoteen aurka. 1580an izenpetu zen beste bake itun bat: Nérace-ko Bakea. Baina, Aleçongo dukea, Frantziako koroarako erregegai zena, hil zenean (1584) larriagotu egin ziren erregetzarako arazoak eta "Hiru Enrikeren Gerra" hasi zen: Enrike III.a Frantziako erregea; Enrike Guisakoa, Liga Katolikoko buruzagia eta Enrike III.a Nafarroakoa, higanoten buruzagia.
Katolikoek Enrike Frantziakoa Paristik bota egin zuten, baina, Enrike III.a Nafarroakoak Coutras-en Liga Katolikokoak menderatu ondoren (1587), Bloisko Estatu Orokorretan, Frantziako erregeak Enrike Guisekoa eta horren anaia Lorenako kardinala hiltzea agindu zuen. Nafarroako Enrikerekin adiskidetu, oinordeko izendatu eta berarekin batera Paris berriro hartzera abiatu zen, Baina Jacques Clément monjeak labankadaz hil zuen erregea (1589). Richelieu kardinalaren aitak berak hiltzailea atxilotu zuen berehala. Ondoren, nahiz eta bera higanota ez izan Nafarroako Enrike III.a Frantziako Enrike IV.a izateko izendapenaren alde jarri zen. Hark “Maison de France”-ko arduradun nagusia izendatu zuen Armand Richelieu gaztearen aita. Aurrerantzean, leialtasun osoz borrokatu zen erregearen alde Aeques eta Ivry-en; eta haren aldeko borrokan hil zen Essonen, sukar gaizto batek jota.
Iturria: Elhuyar/ Hilaire Belloc/ Lur Entziklopedia