Luis XII.a
Luis XII.a Bloisen jaio zen 1462an eta Parisen hil 1515ean. Frantziako erregea (1498-1515), Karlos Orléanskoaren eta Maria Clèveskoaren semea. Juana Valoiskoarekin ezkondu zen, baina, honekin ondorengorik ezin zuela izan-eta Zesar Borgiaren laguntzaz ezkontza deuseztatu zuen. Bere lehengusu Karlos VIII.a hil zenean, errege izendatu zuten eta Bretainiako dukerria Frantziaren menpe atxikitzeko lehengusuaren alargunarekin ezkondu zen, Ana Bretainiakoarekin. Milanerria konkistatu zuen (1499-1500) eta ondoren Napoli, Fernando II.a Aragoikoaren laguntzaz; baina 1503an frantsesak Napolitik egotzi zituzten. Erregea Veneziaren aurkako Cambraiko ligan sartu (1508) eta Agnadelgo garaipena lortu zuen (1509). 1512ko uztailaren 17-18an nafar erresumarekin hitzarmena sinatu zuen eta honen aitzakian gaztelarrek Nafarroa Garaia eta Beherea inbaditu zuten. Gaston Foixkoari esker Frantziaren aurkako Liga Sainduari aurre egin zion, baina Novarako porrotaren ondoren (1513), frantsesak Italiatik egotzi egin zituzten. Espainia eta Suitzaren, eta Enrike VIII.aren eta Maximilianoren erasoei aurre egin zien; 1514an bakea sinatu zuen.
Loturak: >Julio II.a aita saindua
I: Harluxet