Saseta Etxeberria, Kandido
Kandido Saseta Hondarribian jaio zen 1904ko abenduaren 13an eta Asturiasko frontean hil 1937ko otsailaren 23an. Espainiako armadan intendentzi kapitaina izan zen. Espainiako Gerra zibila piztu zenean Kandido Sasetak Euzko Jaurlaritzari eskaini zion bere burua Euzko Gudarosteetan esku hartzeko. Militar prestaketa zeukan abertzale bakarrenetakoa izan zen bertan. Abuztuaren 5ean iritsi zen Loiolako Santutegira eta bertatik Zarate, Belkoain, Ernio, Lekeitio, Kalamua, Eibar, Intxorta, Ubidea eta Itxaindioko babeslerroak eratzen ibili zen. Bitan zauritu zuten: bata Andatzan (Andoain) eta Legution (Araba) bigarrena. Valentzian zegoen Errepublikako gobernuak eskatuta Asturiasera abiatu zen.
Sasetaren karisma handia ez zen Jaurlaritzaren batailoietan bakarrik mirestua; EAE-ANV gudari abertzale, CNTko sindikalista, PSOEko militante eta PCEko milizianoen artean ere miresten zuten. Asturiasera joan zedin eskatutakoan Agirre lehendakaria ataka gaiztoan jarri zuten Jaurlaritzako eskuindar eta kristau integrismoaren aldekoek. Haien ustez, euzkotarrek Malato zuhaitzaz haratago zein Euzkaditik kanpo ez gudukatzeko Aitorren, Jaun Zuriaren, Haroko Diegoren eta antzekoen lege zaharra edo zaharkituari men egin behar zitzaion. Saseta Aracesen hil zuten oste frankistek eta berarekin batera 55 gudari. Telesforo Monzonek kanta bat eskaini zion eta Eustakio Mendizabal "Txikia"rekin parekatu zuen:
"Saseta hil zen gudarien aurrean, Mendizabal hil zaigu bakarrik, baina biak daukate herri osoa, atzo eta gaur euren atzetik..... Geroari esaiok olatuetan Herri-izarrak ez direla itzaltzen, gure haurrek biharko ikastoletan heien izenak abestu ditzaten, arantzetan biak hil baitziren".
Iturria: Berria