<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Gurutzadaldiak
Gurutzada deitu zaio, XI eta XIII. urte bitartean, garai bakoitzeko kristauek, aita santuak bultzatuta, musulmanei Hilobi Santua kendu eta Jerusalem-go erresuma latindarra babesteko, Europar kristauek Palestinara bidalitako espedizio militarreko bakoitza. Zortzi dira aipagarrienak eta zazpietan egin zuten porrot europarrek:
Lehenengo gurutzada: Urbano II.a aita santuak agindu zuen lehen gurutzada, Clermont-eko kontzilioaren ondoren (1095). Turkiarrek hartu berri zuten Palestinako kristauei laguntzeko Pedro Eremutarrak gidatu zuen herri-gurutzada, baina, porrot egin zuen (1096). 1099an, ordea, Jauntxo-gurutzadak Jerusalem konkistatu eta Jerusalemgo erresuma, Antiokiako printzerria eta Edesa eta Tripoliko konderriak fundatu zituen.
Bigarren gurutzada: 1147 eta 1149 urte artean piztu zuen San Bernardok Eugenio III.aren izenean, turkiarrek 1144an Edesa hartu zutelako. 1148an, Alemaniako KonradoIII.ak eta Frantziako Luis VII. Gazteak gidaturiko gurutzatuak Damasko aurrean garaitu zituzten.
Hirugarren gurutzada: 1189 eta 1192 urte bitartean, Gregorio VIII.ak agindu zuen gurutzada hau, Saladinok 1187an Jerusalem hartu ondoren. Federiko I.a Bizargorria, Felipe Augustu eta Rikardo Lehoibiotza izan ziren buru. Federiko ito egin zen putzu batean, Rikardo Lehoibihotzak Txipre konkistatu eta San Joan Akre-koa hartu zuen (1191), baina ez Jerusalem.
Laugarren gurutzada: 1202 eta 1204 urte artean Foulques Neully-koak Inozentzio III.aren izenean aldarrikatu zuen gurutzada Frantzian. Jerusalem berreskuratzea zuten helburu. Bonifazio Monferrat-ekoa gidatu zuen, veneziarrek Zara eta Konstantinopla hartu eta arpilatu ondoren Ekialdeko Inperio Latindarra sortu zuten, 1261. arte iraun zuena.
Bosgarren gurutzada: 1217 eta 1219 urteak. Inozentzio III.ak Latrango IV. kontzilioan (1215) erabaki zuen gurutzada hau, Jerusalem berreskuratzeko helburuz. Hungariako Andres II.ak eta Jerusalemgo errege Joan Briennekoak gidatu zuten. Egipton gurutzatuek porrot egin (1221) eta 1219an konkistatutako Damieta galdu egin zuten.
Seigarren gurutzada: 1228-29 urtetan. Honorio III.ak aldarrikatu zuen, aurrekoetan bezala Jerusalem izanik helburua. Federiko II.a enperadorea espedizioaren irteera luzatu eta luzatu ari zela eta, aita santuak eskomikatu egin zuen. 1828an Federiko II.a abiatu egin zen eta, sultanarekin egindako itun baten bidez, Jerusalem berreskuratu zuen borrokatu gabe.
Zazpigarren gurutzada: 1248 eta 1254 urte bitartean. 1244an turkiarrek Jerusalem hartu zuten berriro. Frantziako Luis IX.ak gidatutako gurutzatuek leku santuak kontrolatzen zituen eta Egiptori eraso zioten, baina, Luis IX.a preso hartu zuten (1250).
Zortzigarren gurutzada: 1270ean piztu zuen berriro Luis IX.ak. 1268an, Turkiarrek Antiokia hartu eta gurutzatuek Tuniserantz abiatu ziren, baina hiria setiatzen ari zirela erregea izurriteak jota hil egin zen.
Iturria: Elhuyar