Richelieu (Armand-Jean du Plessis)
argazkia: Elhuyar |
Armand-Jean du Plessis 1585eko irailaren 9an jaio Parisen eta 1642ko azaroaren 29an hil zen bertan. Haurtzaroa familiaren Jauretxe inguruan pasa zuen, nekazal giroan eta Saumur-ko priorea arduratu zen bere heziketaz. Hamabi urte bete zituenean, garai hartako paristar nobleziaren ohiturak imitatuz, Parisko Unibertsitatera bidali zuten, Nafarroako eskolara hain zuzen. Nafarroako Luis II.aren Ministro hieratikoak, populuaren nazionalismo frantziarra pizteko, azkar kentzen zituen kardinal jantzi eta gurutzea gerlariaren ezpata jasotzeko, gerlari peto-petoa baitzen. Arnaud-Jean Peirerekin, Iruriko kondea izango zenarekin, etengabeko liskarrak izan zituen, geroago Alejandro Dumas-ek maisuki kontatu zituen legez. Goranahia zen, sentimendua bainoago, eliz lanak utzi eta militar ekintzei heltzeko arrazoia nagusia, nahiz eta hori guztia Frantziaganako maitasunaren izenean egin. Pineoaren bestaldera arerio gogorra zuen Richelieuk, izaera ezberdina zuena, baina bere antzerakoa: borrokalaria. “El Conde Duque de Olivares” zen gizon hori: kopetilun, basati, agintzezale eta ekintzailea. Zaldi eta gizonen bezatzailea. |
Hilaire Belloc-ek egindako biografian zera kontatzen du: erret familiaren artean gauza jakina bezala kontatzen du “Madame” alemaniarrak, Luis XIV. anaiaren alargunak, kardinalak eroaldi sakon haietako batean sartzen zenean zaldi odolbero bat zela jartzen zitzaiola buruan. Gelaren inguruan jartzen omen zen itzuliak ematen, irrintzika eta ostikoka, heldu nahi zuten zerbitzariei. Zerbitzariek harrapatu, lotu eta ohera sartu behar izaten zuten ahalik eta berotasun gehiena emango zion tapakiekin estaliz. Baretu eta bere onera etorrita Richelieu ez zen gertatutako ezertaz gogoratzen. Etsai asko izan zituen kardinalak, ez kanpoan bakarrik, baita gortean bertan ere. Armand-Jeanek gortean lortutako boterea ez omen zen ohikoa hain jaiotze baxuko pertsona batentzat. Richelieuk berak idatzi zituen gortean aurrera egiteko eta boterea lortzeko arauak: gutxi hitz egin, dena entzun, gorenekoen lerdokeriei arreta-itxura egin, goikoak goratu eta menpekoei boterea erakutsi. Bera baino mende bat lehenago jaiotako Niccolo Machiavelli-ren “Printzea” irakurri gabe ere gehitu zezakeen: irainak isilik irenstea, mendekuaren bat-bateko gogoari eustea eta ingurukoak etengabe zelatatzea. Horrela jokatu zuen kardinalak. Ez zuen gupidarik izan gezurra esan eta engainatzeko, eta bera noblezi apalekoa zenez, gogo onez hartzen zuen geroago berberak garbituko zituen gorteko kideen laguntza. Zuzenean esku hartu zuen Hogeita hamar Urteko Gerran eta erlijio gatazketan. Baina gerra horiek herriaren miseria ekarri zuen eta nekazarien erreboltak piztu ziren. Zuberoako lur-desjabetzeak matxinadak piztu zituen. Parisen Jean-Ambroise Duvergier de Hauranne, Saint-Cyraneko abade baionarra, jansenisten aldekoa izateagatik atxilotu egin zuen, eta kardinala hil arte ez zuten askatu. Garai hartan larri gaiztotu zituen Frantziako estatuaren eta aita sainduaren arteko harremanak, batez ere, Richelieuk jarritako eliza-gizonen gaineko zergak zirela eta. Gainera, Frantziako protestanteen gune nagusia Euskal Herrian eta Béarnen zegoen, Pau, Tarbes, Orthez eta Lourdes barne. Joana Albretekoak, Nafarroako erreginak lehenago, harro aldarrikatu baitzituen katolikoak gainditu izana eta bere erregetzan gazteek ez zutela jakingo zer zen meza entzutea. Berrogeita hamar urtean zehar bere errege-lurretan katolikoek ez zuten azalpen publikorik izanen. Baina Richelieu, batez ere Plessistarra zen. Baserriari izena ematen dien soro ederrak dira Frantziako "Plessisak". Latinetik datorkie izena, “praxillus”: hesitura edo basoko itxitura. Frantziarrek gero, harresiz inguratutako baserri edo gaztelu txikiek izendatzeko erabiliko zutena. Kardinalak murrutzarrez inguratutako baserria bailitzan irudikatu zuen bere Frantzia, eta bizitza osoa eman zuen bere "baserria" antolatzen: Pirineo eta Alpeak hego-ekialdeko harresi, iparraldetik alemaniarren eta habsburgtarren auzoak, ekialdean itsasoa eta Parisen jauretxea: hura zen bere Frantzia. Loturak: Orléansko dukea; “Hilaire Belloc”-en Biografiatik, egileak itzulia. |