<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

tenplarioak

Tenpluko Zaldunak ordena erlijioso eta militarreko kideak ziren. Beste zortzi zaldun frantziarrekin batera Hugues Painskoak 1119an Jerusalemen fundatutako ordena erlijioso eta militarra zen. Ordenaren lehen eginkizuna erromesak musulmanen erasoetatik babestea izan zen. Erregela San Bernardo Clairvaux-koak idatzi zuen eta bera izan zen ordenaren bultzatzaile nagusia. 1128an, Troyesko Kontzilioan, Honorio II.a aita sainduak ordena onartu zuen eta handik aurrera, ondasun asko metatu zituzten dohaintza bidez. Aita sainduaren zuzeneko menpekoak ziren eta, aita santu beraren eta printze askoren bankariak izan ziren. Ordenaren barneko gai eta jarduerak sekretu handian gordetzen zituzten. 

Saladinok Jerusalem hartu zuenean (1187), San Joan Akrekora aldatu ziren, 1291n hori ere galdu eta Ziprera ihes egin behar izan zuten. Hala eta guztiz ere ordena handitzen joan zen, ekialdeko erakunde indartsuena bihurtu arte. 30.000 kide eta 9.000 egoitza edo enkomenda izatera iritsi ziren. Garaiko merkatariek egoitza hauetako batean diru-ezarketa egin eta dokumentu baten bidez beste batean jaso zezaketen, horrela, dirua soinean eraman gabe bidaiatu zezaketen lapurretaren beldurrik gabe. Botere handia lortu zuten eta, errege eta merkatari askoren mailegu emaile bihurtu ziren. Botere horren beldur, 1307az gero Felipe I.a Ederrak ordena desegitea eta haren ondasunez jabetzea helburu zuten hainbat neurri hartu zituen. Herese eta inmoraltzat salatu zituen, eta Vienneko kontzilioan (1311) eliz epaitegiak haien erruduntasuna onartu ez arren, Klemente V.a aita santuak, Frantziako erregeak bultzatuta, ordena desegin egin zuen 1312an. Ondoren betiko kartzela-zigorra ezarri eta batzuk sutan (orduko maisu nagusi zen Jacques Molay-koa barne) hiltzera zigortu zituzten 1314an.

Euskal Herriari dagokionez, Tenpluko Zaldunak Nafarroan indartu ziren bereziki, erregeengandik hainbat dohaintza jaso baitzuten. Alfontso I. Borrokalariak hainbat elizen taldeen artean, Tenpluko Zaldunak tartean, banatu nahi izan zuen erresuma. Haiek ez zuten dohaintza onartu, baina, emakida ugari jaso zuten ondorengo Gartzia IV. Ramirez eta Antso VI. jakituna erregeen aldetik. Nafarroako lur askoren jabe egin ziren: Funes, Urantzia, Aberin, Erribaforada, eta gerora haien indar gunea izango ziren Jakue bideko Gares, Sagues, Astrain, Zarikiegi, Undio, Obanos, Lizarra etab. Klemente V.ak ordena deuseztatutakoan, Nafarroako Joanaren seme Luis I. Setatia gobernatzen zuen eta bere aitak Frantzian agindu bezalako jazarpena erabili zuen Zaldunen aurka.

1312an Klemente V.ak agindu zion Iruņako artzapezpikoari, Orreagako eta Tuterakoari priorrei Tenpluko Zaldunen ondasun guztiak Jerusalemgo ostalariei ematea. 

Iturria: Harluxet >zenbait artikulu