Felipe I.a Ederra Nafarroakoa
Felipe I.a Ederra Nafarroakoa Fontainebleau-n jaio zen 1268an eta 1314an hil zen bertan. Nafarroako Joana I.arekin ezkondu zenean (1284) Nafarroako erregea (1284 - 1305) eta Felipe IV.a Ederra izena hartuta Frantziakoa (1285 - 1314). Felipe III.a Ausarta Frantziako erregea eta Isabel Aragoikoaren semea. |
Nafarroa erresuma frantziarra balitz bezala hartu zuen eta hasiera batean ez zituen Nafarroako foruak kontuan hartu. 1289an Obanosko infantzoi-batzarra eta ermandadeak bildu ziren bere eskubideak defendatzeko asmotan, baina erregearen gobernadorearen kontrako jarrera ikusirik, atzera egin zuten. Gorteek Nafarroan txanpon frantsesa sartzea onartu behar izan zuten (1291 - 1293). Monarkiaren elizarekiko independentzia bultzatu zuen eta Bonifazio VIII.a aita santuak kleroari zergak igotzeko agindua eta Pamiers-eko apezpikuaren atxiloketa gaitzetsi zituen. 1302an Felipek lehen Estatu Orokorrak deitu zituen eta, indarturik, Agnanin aita santua atxilotu zuen, askatu eta gutxira hil zen. Felipek Klemente V.a izendatu zuen aita saindu eta 1305ean Avignonen kokatu zuen.
Flandesen izan zituen arazoek eraginda, Nafarroarekiko politikaz aldatu eta Lizarrako Gorteetan Nafarroako gobernadoreak erresumako estamentu eta Obanosko infantzoi-batzarrarekin akordio bat sinatu zuen (1299). Bere emazte Joana hildakoan (1305), Nafarroako benetako gobernua Luis I.a Setatiaren esku uztea bi urtez atzeratu zuen. 1307an Auger III.a Zuberoa uztera eta Bake Hitzarmena sinatzera behartu zuen. Finantza-bideak lortzearren, tenplarioen ordenaren ondasunak bahitu eta Klementek ordena deusezta zezan lortu zuen (1312). Nafarroaz baliatu zen, Aragoi (1286 - 1291) eta Gaztelari (1289-90 eta 1295 - 1295) erasotzeko.
Loturak: Oger Maulekoa; Perez Legariakoa, Migel; >Gilermo Nogaret-ekoa; >Molay Jakes;
Iturria: Elhuyar/ Lur