Luis I.a Setatia Nafarroakoa eta Frantziako X.
Luis I.a Setatia Parisen jaio zen, 1289an eta Vincennes-en hil 1316an. Nafarroako XXI. erregea (1305 - 1316) eta Frantziakoa Luis X.a izena hartuta (1314 - 1316), Felipe I.a Ederraren eta Joana I.a Nafarroakoaren semea. Margarita Borgoniakoarekin ezkondu zen eta Joana II.a Nafarroakoaren aita izan zen; bigarren aldiz, Klementzia Hungariakoarekin ezkondu (1315) eta haiengandik Joan I.a Hilondokoa jaio zen.
Ama hil eta Nafarroako erregetza hartu zuenean, Nafarroako estamentuek Nafarroa Frantziaren eskuetatik libratzeko ahaleginak egin zituzten (1305). Erregealdiko lehen hilabeteak, Nafarroan zehar bidaiatzen eta foruak zin egiten eman zituen; 1307ko abenduan, ordea, Frantziara joan eta ez zen gehiago Nafarroara itzuli. Itzultzen ez zen bitartean, noble nafarrek beraren aginduak ez zituztela beteko mehatxua egin ziotenean, gobernadore eta ordezkari frantziarrak bidali eta buruzagi eta noble nafarrak atxilotu egin zituen. Bere aita hil zenean, Frantziako eta Nafarroako errege bilakatu zen (1314).
Loturak: Oger Maulekoa;
Iturria: Elhuyar