<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

islam

Arabierazko hitza da Islam, musulmanen erlijioa. Ala Jainkoarekiko obedientzia esan nahi du islam hitzak; eta musulman esaten zaio Jainkoaren nahiari atxikitzen zaiona. Arabiako (gaurko Saudi Arabiako) Meka eta Medinaren artean bizi izan zen Mahoma, K.o. VII. mendean. Musulmanentzat aro berria hasten da Mahomak Mekatik Medinara alde egin zueneko urtean (622), "hejirako" deitua. Bizitza eta erlijio berriaren sorrera abiapuntua izan zen eta azkar zabaldu zen islama Afrikako iparraldera. Inperio arabiar-musulmana zabaltzearekin batera Espainiara, batetik, eta Ekialde Hurbilera, bestetik zabaldu zen Islama. 

"Bakarra da Ala Jainkoa eta Mahoma da haren profeta" aitorpenak sintetizatzen du musulmanaren fedea. Profetari egindako azken errebelazioa Koran liburu sakratuan dago jasota. Liburu horrek sineste eta erlijio-bizitza islamdarraren funtsezko iturria izateaz gain lege-balioa du. Hortik Koranak duen eragina islamismoaren gain eraikitako gizarte politiko-erlijiozkoan. Islamismoaren interpretatzaile ofizialek (ulemak) Hadith (tradizioak) bigarren iturri juridiko-teologiko nagusia dute; bertan aurkitzen baitira Mahomaren bizitzako esanak eta jardunbidea.

Bost betekizun nagusi ditu musulmanak: 1. Fede-aitorpena egitea; 2. Eguneroko otoitza (bost aldiz); 3. Pobreen aldeko zerga edo limosna; 4. Urteroko hilabete osoko baraualdia (ramadama); 5. Mekako hiri sakratura erromesaldia (bizitzan behin bederen, ahal izanez gero). Horiez gain, Koranak politika-, lege-, elikadura- edota garbitasun-mailan ere badu eraginik. Erlijiozko elkartea, (umma), osatzen dute munduko musulman guztiek. Kalifa da "ummaren" buru erlijio-politikoa. Islamean, ez dago apaizik; bai ordea, elkartearen otoitza gidariak.

Historian zehar hainbat zatiketa izan ditu musulmanen komunitateak; nagusiena, xiien eta sunnien artekoaizan zen. Kalifaren ondorengotzaren inguruko gatazkatik sortu zen, Mahoma hil ondoren. Egun, gehien-gehienak (% 90) sunniak dira. Islamismoaren barruan korronte guztiz berezia da "sufi" mistikoena. Kristautasunaren ondoren, munduko bigarren erlijiorik zabalduena da islama, jarraitzaileen kopuruari dagokionez eta Txinako konfuzioarrek kontuan hartu gabe. Egun, 800 milioitik gora dira musulman edo islamdarrak. Gehienak Ekialde Hurbilean, Asian eta Afrikan; Europan 10 milioitik gora dira. Erlijioarekin batera, zibilizazio garrantzizkoa eratu du islamismoak historian zehar: filosofia, literatura, zientzia eta artea. Nahiz XIX. eta XX. mendeetan mundu islamdarrak indar politikoa gutxitu Europaren kolonialismoaren menpean, mende honen bigarren partean biziagotu egin da musulmanen elkarte-zentzua, eta hainbat herrialdetan islamismo erlijiozko-politikoaren mugimenduak indartu egin dira, estatu islamdarrak eraikitzearen aldekoak.

Iturria: Harluxet