<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

kontzilioak

Eliz barruti jakin bateko nahiz Eliza osoko ordezkarien, bereziki apezpikuen, batzar nagusia, eliz doktrinari edo diziplinari buruzko gai bereziki garrantzizkoei buruz deliberatzeko eratua. Elizaren historian ez ezik, budismoari buruz ere erabili ohi da kontzilio hitza. Elizako kontzilioak ekumenikoak (unibertsalak), nazionalak edo probintzialak (eliz probintziakoak) izan daitezke. Kontzilio ekumenikoen zerrenda ofizialik ez badago ere, Eliza katolikoak hogeita bat hartzen ditu halakotzat. Eliza ortodoxoak lehengo zazpiak hartzen ditu ekumenikotzat, ekialdeko eta mendebaldeko Elizen arteko zismaren aurrekoak, alegia.

Lehen kontzilio ekumenikoa Nizean egin zuten 325ean, Konstantino enperadoreak deituta; gai nagusia arianismoaren gaitzespena izan zuen; Silbestre I.a aita santuak berretsi egin zituen hango erabakiak. Ondorengo zazpi kontzilio ekumenikoak ere ekialdeko hirietan egin zituzten, gehienetan enperadoreak deituta; aita santuak bere ordezkaria bidali ohi zuen; eta gero berretsi egin zituen horietako erabakiak. Ekialdeko eta mendebaldeko zismaren ondoren, Eliza katolikoak kontzilio unibertsal gehienak Italian egin izan ditu. Trentoko kontzilioa (1545 - 1563) guztiz garrantzizkoa gertatu zen, Erreforma protestantearen ondoren, Eliza katolikoaren doktrina definitzeko nahiz horren Kontrarreforma bultzatzeko. Azken bi kontzilioak Vatikanoko hirian egin ditu. I.ak (1869-70) fedearen eta arrazoimenaren arteko harremanak eztabaidatu zituen bereziki, eta aita santuaren hutsezintasuna (fedeko dotrina erakustean okertu ezina) dogmatzat definitu zuen. Vatikanoko II.a izan zen Eliza katolikoaren 21. kontzilioa (1962 - 1965): mundu modernoaren aurrean bere barne-berrikuntza (liturgiaren, doktrina eta teologiaren eta eliz egituren eguneratzea edo "aggiornamento") izan zuen helburu, beste kristau-elizetara irekitzearekin eta horiekiko hurbilketa bultzatzearekin batera; onarturiko 17 dokumentuen ("konstituzio" eta "dekretuen") artean "Eliza gaurko munduan" izenekoa izan zen garrantzizkoenetarikoa, Elizari berari buruzkoarekin batera.

Loturak: Konstantzako Kontzilioa; Latrango kontzilioak; Toledoko kontzilioak

Iturria: Harluxet