Gartzia IV.a Ramirez Berrezarlea
Gartzia IV.a Ramirez Berrezarlea ez dakigu non eta noiz jaio zen eta Deierriko Lorcan hil zen 1150ean. Iruņeko, eta aurrerantzean Nafarroako XIV. erregea (1134 -1150). Ramiro Santxez eta Cid-en alaba Kristina Rodrigez de Vivar-en semea.
Iruņeko eta Aragoiko Alfontso I.a Borrokalaria ondorengorik gabe hil zenean, Nafarroa eta Aragoiko erresumek ez zuten Alfontsoren testamentua onartu eta banandu egin ziren. Nafarrek Gartzia IV. Ramirez Berrezarlea goratu zuten errege izateko eta horren alde izan ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait jaun: Ladron, Gillermo Aznarez Oteizakoa, Gimeno Aznarez Torres-koa (Elortz), Lizarrako burges eta beste burguen jaunak, Iruņeko obispoa Antso Larrosakoa eta beraiekin zenbait jaun.
Erromako aita santua, ordea, testamentua betetzea eskatzen zuen eta Gartzia IV. Ramirezen errege goratzea ez zuen onartu. Erromako elizak Nafarroako erresuma Jerusalen-go hiru ordenen artean banatzea agindu zuen. 1196. urte arte ez zen liskarra bere onera etorri. Antso VII.a Azkarrari onartu zion berriro elizak "rex Navarrorum" titulua. Bitarte horretan Nafarroan agindu zuten erregeek "dux Pampilonensium" edo "dux Navarrorum" izendapena jaso zuten Erroman.
Aragoiko Ramiro II.a Monjea egoera berean zegoen Erromarekiko. Horrela, Gartzia IV.ak Aragoiko erreinua berreskuratu nahian harenganako menpetasuna azaldu zion, fraidea zela-eta hil ondoren bere erresuma erraz eskuratuko zuelakoan. Vadoluengo-ko hitzarmena sinatu zuten 1134an. Ramiro, ordea, ezkondu egin zen eta seme alabak izan zituen. Bere alaba Petronilaren alde abdikatu zuen 1137an eta hau Ramon Berenger IV.arekin ezkondu zen.
Margarita Perche-koarekin ezkondu eta Margarita, Blanca eta Antso VI.a Jakituna seme-alabak izan zituzten. Portugalgo Alfontso I.arekin bat eginik, Gaztelako Alfontso VII.ari aurre egin zion Tuterako batailan (1137). Gaztelako eta Aragoiko erresumek Erromako elizaren laguntzarekin etengabe eraso zioten Nafarroako erresumari, baina Gartzia IV.ak tinko eutsi zion erresumaren batasunari, Gailurko batailan adibidez (1138).
Hala eta guztiz ere, 1140an Nafarroako erresumaren banaketa erabaki zuten Gaztela eta Aragoiko erregeek, Carrion-go (Gaztela) hitzarmenean; baina Aragoiri bizkarra emanda 1146an Bake-Hitzarmena sinatu zuten Nafarroako eta Gaztelako erregeek. 1147an Gartzia IV.ak Andaluzia aldera jo zuen eta Almeria hartu zien arabiarrei; 1149ko uztailean izenpetu zuten Nafarroak eta Aragoik beste Bake-Hitzarmen bat.
Bigarren aldian ezkondu zen Gaztelako Alfontso VII.aren alaba Urrakarekin, eta Santxa alaba izan zuten. 1150eko azaroaren 21ean hil zen, Lizarratik gertu dagoen Deierriko Lorkan, trostan zihoan zalditik erorita. Iruņeko Santa Mariara eraman eta bertan ehortzi zuten. Hurrengo Nafarroako erregea Antso VI.a Jakituna izan zen.
Iturria: Elhuyar/ La Navarra Maritima/ Lur Entziklopedia