Alfontso I.a Borrokalaria
Alfontso I.a Borrokalaria Hechon, Sobrarbe, jaio zen, 1073. inguruan, eta Almunienten, Huesca, hil zen 1134an. Iruñeko XIII. erregea eta Aragoiko erregea (1104 - 1134). Antso V.a Ramirezen eta Felizia Roucy-koaren semea. Bere anaiordea Pedro I.a hildakoan egin zuten errege.
Bere jaioterria eta inguruak euskaldunak ziren artean, Gaztelako Alfontso VI.a hil zenean (1109) tronurako eskubidea aldarrikatu zuen; hala eta guztiz ere, borroka bidea saihesteko Gaztelako Urrakarekin ezkondu zen (1109); 1110ean aragoiar eta nafarrak garaile izan ziren Balterran, bertan Almuzater Zaragozako erregea hil zuten. 1111aldean, ordea, errege-erreginaren arteko eztabaidak areagotuz joan ziren Paskual II.a aita santuak ezkontza baliogabetu zuen arte (1114). Urte horretan bertan Rotrou Perche-koak gidatutako taldeak Tutera mairuen eskutik libratu zuen eta hark, sari gisa, Tuterako jaurerria jaso zuen. Erregeak Zaragoza konkistatzeari ekin zion; bitartean, Gaztelako borrokak aurrera zihoazen. Alfontso I.a Borrokalariaren koartelak Haro inguruan zeuden; gaztelarrek Naiara inbaditu zuten (1117), baina Alfontso I.ak Naiaratik egotzi zituen, Haro-ko Diego Lopez-en laguntzari esker. Gaskonia, Biarno, Akitaniako Gilermo IX. eta Pirineoetatik iparraldera bizi ziren euskal jauntxoen laguntzarekin Zaragoza konkistatu zuen (1118ko abenduaren 18an). Zaragoza ondoren, Tortosa, Rueda, Tarazona, Calatayud, Daroca, Monreal eta Molina konkistatu zituen. Aragoiko erresuma osoa hedatu eta Zaragoza erreinuaren hiriburu izendatu zuen.
1124an sagaratu zen Iruñako Santa Maria eta Ozkabarte herria. Gaztelako Urraka hil zenean (1126) beronen eta Raimundo Borgoniakoaren seme Alfontso VII.a koroatu zuten Gaztelako errege; Alfontso I.ak eta bere semeorde Alfontso VII.ak, Támarako Hitzarmena sinatu zuten (1127). Bertan, Nafarroa eta Gaztelako mugak Antso III.ak zituenetara itzuli ziren. Ustez, Gaztela aldean arazorik ez zegoenez Nafarroako erregeak Baiona setiatu zuen (1130), Gilermo Akitaniako dukeak zapaldurik zeuzkan euskaldunak askatzeko. Andaluzia aldean eginiko konkistak, ordea, (1125 - 1133) ustezkoak dira zenbait historialarien esanetan; lehenik, Tortosatik Valentziara pasa, Júcar zeharkatu eta Alcaraz hartu zuen; ondoren, Granada zeharkatu eta Almería-ko kostaraino iritsi zen, eta azkenik, itzuleran, Kordobako erregea garaitu eta bere erresumara itzuli omen zen. 1134an, ordea, mairuen gotorlekua zen Fraga konkistatzen saiatu zen, baina haiek aurre egin eta zauritu egin zuten.
Handik egun gutxira hil zen; zenbait historialarien ustetan mairuek beraiek hil zuten Huescan (1134). Alfontso I.a Borrokalariak Baionako setioan eginiko Alfontsoren testamentuan erresuma zenbait elizen eta "Jerusalengo Ordena"-ren eskuetan utzi zuen; horrek harridura eta nahastea sortu zuen. Ez Aragoik ez Nafarroak, ez zuten testamentua onartu. Egoera horretaz baliaturik Nafarroak auzo-erresumen erasoa jasan zuen, Gaztelatik eta Bartzelonatik. Baldeluengoko Itunean, Aragoitik banandu eta nafarrek GartziaIV.a Ramirez Berrezarlea aukeratu zuten erregetzarako. Aragoin Ramiro II.a Monjea (Alfontso I.a Borrokalariaren anaia) erregetu zuten.
Loturak: Gilermo apezpikua;
Iturria: Elhuyar