Luna, Albaro de
Albaro de Luna Caņete-n jaio zen 1390ean eta Valladoliden hil zen 1453an. Gaztelako Kondestable edo buruzagi nagusi izan zen Joan II.a Gaztelakoaren agintaldian. Aragoiko aitonen seme baten sasiko semea zen, baina haurra zela onez hartu zuten Gaztelako gortean. Hasieran poeta eta idazle gisa ere ezagun egin arren, gudari eta politikari ospetsua izatea lortu zuen.
Joan II.aren konfiantzako gizona izan zen (1419) eta 1422an Gaztelako kondestable egin zuten. Aragoiko printzeak aurka izan zituen eta 1427an gortetik kanporatzea lortu bazuten ere Albaro nagusitu zen eta Gaztelako gortetik Aragoiko printzeak egotzi zituzten (1430). Bere ospe eta agintea aurrera egin zuen eta 1431n, Higeruelako batailan, arabiarrak menderatu eta bere kontura hasi zen Gaztelan karguak banatzen. 1437an bere anaia Juan de Cerezuela Toledoko artzapezpiku izendatu zuten eta, Montalbango hiri eta gaztelua eskuratu zituen erregearengandik. Gaztelako handikiak haserre bizian jarri ziren, Nafarroako Joan II.a Trastamarakoaren laguntza eskatu eta Albaro de Lunaren aurka borrokatu ziren.
1439an Albaro de Luna erbesteratzea lortu zuten; baina 1445ean, Gaztelako erregearen eta behe mailako nobleen laguntzarekin, Olmedoko batailan Albaro de Luna garaile izan zen eta guztiz indartuta irten zen borroka haietatik. Hala eta guztiz ere berehala hasi zen Gaztelako kondestablearen gainbehera: bere harrokeri eta bidegabekeri jasanezinen ondoren lagunik gabe geratu zen. Alonso Perez de Vivero jaunaren hilketaren ondoren Albaro de Luna preso hartu eta Valladolideko plaza betetzen zuten jendearen aurrean hil zuten lepoa moztuta, 1453an.
Iturria: Lur entziklopedia