Enrike IV.a Ziztorra
Enrike IV.a Valladolid-en jaio zen 1425ean eta Madrilen hil 1474an. Gaztelako erregea (1454 - 1474), Gaztelako Joan II.aren eta Maria Aragoikoaren semea. Gaztelako errege izatearekin batera Bizkaiko jauna izan zen (1454 - 1474).
Blanka II. Nafarroakoarekin ezkonduta egon ondoren, emaztea zapuztu eta Joana Portugalgoarekin ezkondu zen. Horiengandik alaba bat jaio zen: Joana "La Beltraneja" deitua. Juan Pacheco izeneko aholkulariaren menpean beti ere; aitaren eta Alvaro de Lunaren aurka jardun zuen hasieran eta Joan II.a Trastamarakoa Nafarroako eta Aragoiko erregeak etsai izan zituen ondoren. Horregatik, Karlos IV.a Bianako printzeari laguntza eman eta beaumondarrei laguntzeko Nafarroan sartu zen, 1461ean. Luis XI.a Frantziako erregeak Joan II.a eta Enrike IV.a erregeen arteko konponbidea ekarri zuen, baina hurrengo urtean kataluniarrek erregetzat hartu eta berriro hoztu ziren Aragoiko eta Gaztelako erregeen arteko harremanak. Negoziazioan, Kataluniako erregetza Joan II.aren esku utzi zuela-eta Enrike IV.ak Pacheco kendu eta Beltrán de la Cueva ezarri zuen kontseilari nagusi (La Beltraneja printzesaren aita, askoren ustetan).
Aitonen semeek Alfontso, Enrike IV.aren anaiordea, aukeratu zuten errege (1465); baina, 1468an Alfontso hil eta Isabel, haren arreba, erreginatzat hartu zutenean nahiago izan zuen Enrike IV.arekin negoziatu, eta oinordekotza beretzat lortu zuen. 1469an Isabel Gaztelakoa eta Fernando Aragoiko erregegaia ezkondu egin ziren. Gaztelako handikiak bitan banatu ziren, Beltranejaren alde batzuk eta Isabelen alde besteak, eta gerra zibila piztu zen. Garai haietan Enrike IV.ak ez zuen batere ahalmenik. Nobleziaren aurrean ahul jokatu zuen, eta hildakoan (1474), Ondorengotza Gerra piztu zen; batetik bere alaba Joana, eta bestetik arreba Isabel I.a, Aragoiko Fernando II.ren emaztea azken hau.
Loturak: Majanoko tregua;
Iturria: Elhuyar/ Lur