Erro Azpiroz, Joan Bautista
Joan Bautista Erro Andoainen jaio zen 1773an eta Baionan hil 1854an. Bergarako Erret Mintegian ikasi zuen. Napoleon I.aen kontrako gerran frantsesen aurka borrokatu zen. Fernando VII.a Espainiara itzuli zenean, Madrilgo eta ondoren Bartzelonako intendente egin zuen (1820). Riegoren altxamenduaren ondoren, Frantziara ihes egin eta San Luisen Ehun Mila Semeekin itzuli zen (1823). Lehenengo erregeordetzan hazienda-ministro eta estatuko aholkularia izan zen (1823). Valladolidera (1825) eta ondoren Sevillara desterratu (1830) eta Londresera ihes egin zuen.
Lehen Gerra Karlista garaian Don Karlos erregegaia ezagutu eta karlista bilakatu zen; Espainiara itzuli eta Don Karlosen ministro unibertsala zelarik karlisten ekonomia berrindartzeari ekin zion, baina ez zuen arrakastarik izan. Bergarako hitzarmena sinatu zenean Frantziara erbesteratu zen. Euskaltzalea zen eta euskarari buruzko hainbat lan argitara eman zuen: "Alfabeto de la lengua primitiva de España" (1806) eta "Mundo primitivo (examen filosófico de la antigüedad y cultura de la nación vascongada" (1815). Euskararen alde eginiko obrengatik, Gipuzkoako Batzar Nagusietan Ohorezko seme egin zuten (1823).
Iturria: Harluxet