|
|
||
|
puntubi.com |
|
|
>Kaskante |
|
||
Ptolomeo, Plinio, Antonino eta Tito Livio berriemaileek aipatzen dute “Cascantum” izen euskal-erromatarra. Txanpon-etxea izan zuen eta garai hartako txanponak ere iritsi dira gaurdaino. “Cesaraugusta” herrialde juridikotik zetorren erromatar galtzada-bideak baskoniako beste herriekin lotzen zituen. Tito Liviok aipatzen du Kaskante pasarte batean; Sertoriok egindako gudaldietan, K.a. 76an, kaskantearrek aurre egiten zien eta hark, mendekuz, uztak eta soroak erre zizkien, aurretik Bursao (Borja) eta Graccurris-en (Kalagorri) egin zuen moduan. Erromatarren gainbeheraldian, bisigodoen garaian alegia, Kaskantearrek Hilario aita sainduaren aurrean Kalagorriko obispoaren alde egin zuten; hark obispo berria izendatu zuenean arauak bete gabe eta Tarragonako ordezkari ofizialaren gainetik izendatu zuelako. Arabiarren inbasio garaian, ordea, Kaskantek garrantzia galdu zuen. Dirudienez, 934an arabiarren eskutik libre geratu eta Donemiliaga Kukularen babesean zegoen, baina ziur, arabiarren pean jarriko zen berriro, zeren eta 1114an Alfontso I.a borrokalariak musulmanei berreskuratu eta 1117an Tuterako foruari lotu baitzion. Gaztelua eta gotorlekua izan zuen haitz garai batean, XIX. mendean ikus zitezkeen aztarna batzuk erakusten zutenez. 1273an Pedro Santxez Monteagut-en esku zegoen Kaskante; baina, baldintza baten pean: semerik gabe hilez gero Enrike I. Potoloa erregearen esku jartzea, alegia. 1281ean, ordea, Pedroren seme-alabek Joan eta Milia Santxiz-ek 3.000 “tornes”-en truk eskualdatzea berretsi zioten Joana I. Nafarroako eta Frantziako erreginari; horiez gain, Agilar herria ere eman zioten. 1364an, Karlos II. Gaiztoa erregeak Kaskante herriak jasaten zituen erasoak kontuan eta hobeki populatua izan zedin, hainbat zergez, peaje eta leztaz salbuetsi zituen, garai hartan Tuterako frankoek baliatzen zuten modukoak. Horiei esker Gaztelatik, Aragoitik edo Nafarroa bertatik etorri eta Kaskanten bizitzen jarriko zen gizon zein emakume gaizkile oro salbu eta segur bizi zen; zeren eta, erreinu osoan eta inongo delitugatik atxilotuak izateko salbuetsiak zeuden, ondoko delitu hauengatik izan ezik: erregearen kontra monopolio egin, hilketetan nahastu edo txanpon faltsua zizelkatu. 1378an, Karlos II.ak Roger Bernart Foix-koari, Castelbon-go bizkondea eta Novaylles-ko (Noalles) jaunari Kaskante eta Unx-eko eskubideak eman zizkion, bere gaztelu, eskubide, ordain-sari, petxa, errolda, errenta eta guzti; Roger Bernartek gerran galdu zituen Larragako gaztelu eta herriaren ordainean. Baldintza bat zuen emariak: bizkondearen oinordeko legitimorik izan ezean, aipatutako ondasunak Nafarroako erregeak berreskuratuko zituen. 1394an, ordea, Karlos III.ak Kaskantek zituen petxa, errenta eta aprobetxamenduak Gaztelako erregearen maiordomo Joan Hurtado Mendozakoari eman zizkion; egindako lanen ordainean. Joan Hurtado Nafarroako erregearen "lige" egin zen eta ongi leial izan eta arerio ororen kontra (Gaztelako erregearen kontra izan ezik) laguntza ematea zin egin zion. 1436an, kaskantearrek Blanka I. Nafarroakoa eta bere senar Joan II. Trastamarakoari idatzi zien zergen beherapena eskatzeko. Arrazoia zera zen: etengabeko gerren ondorioz 300 biztanletik 40ra jaitsi zirela garai horretan. Erregeek ikusketa egitea agindu zuten eta egoera tamalgarria zela egiaztatu ondoren 290eko petxa zerga neurria 190era jaitsi zuten. 1445ean, Joan II.a Trastamarakoak Joan Beaumont-ekoari eman zizkion Kaskantearrek ordaintzen zuten 80 gari-neurri eta beste laurogei garagar-neurri; horiez gain, beste zenbait petxa eta 800 florin diru-sarian; 1446an, berriz, Kaskanteko gaztelua, errota eta labea eman zizkion. 1452an, ordea, Joan II.ak berak Diego Gómez Sandobal-ekoari eman zion (eta horrek Gaztelan zituen lur eta gazteluak eskuratu bitartean) Kaskante herria bere lur, mendi, goi eta behe jurisdikzio, kristau, musulman eta judutarren petxak, labearen errenta eta gainerako auzo, biztanle eta bizilagun guztiak. 1452ko urriaren 13an, erregeak berak, ordea, Mallen-go gazteluan sinatutako pribilegio baten bidez aurreko emaria deuseztatu egin zuen, kaskantearrek aurreko erabakiari erakutsitako mesprezuari men eginez; eta, Kaskante Nafarroako koroari lotu zitzaion betiko. Fernando II.aren tropek Nafarroa inbaditu zutenean (1512), 3.000 guda-gizon eta 400 zaldiko gudarostea sartu zen Kaskanten, Zaragozako artzapezpikuaren agindutara. Berehala hartu zuten Kaskante, ondoren Cintruenigo eta Korella. 1512ko abuztuaren 14an, usurpatzailearen tropak Tuterako ateetan ziren. Fernando II. Inkisidoreak (Nafarroan, Faltsua), 1513ko arbitrai baten bidez, Kaskanteko “Alkaideak” eta “Antilloiak” bi etxeen liskarrak amaiarazi zituen. 1551n, jaurerria eta errota Gaztelarrek Nafarroan zituzten erregeordeen esku zeuden: Luis Beaumont eta Leonor, Beorlegiko jaun-andrea. Horiek herrikoei saldu zien 15.000 dukat-en truke, Gaztelako II errealetan ordaindua izan zena. 1630eko otsailaren 26an, Kaskantek pribilejio bat irabazi zuen: Nekazari eta Jaunen Batasuna. Eta horrekin amaitu ziren Jaun eta nekazarien artean zituzten liskarrak. 1633ko uztailaren 18an, berriz, hiri titulua lortu zuen, 10.000 dukat errege aziendari ordaindu ondoren. Tuteratik bereizi ondoren, Cierzo eta Argenzon mendietako aprobetxamendua eta beste zenbait pribilejio irabazteko kaskantearrek 30.000 dukat ordaintzeaz gain, erregeari beste 18.000 dukat eman behar izan zizkion. Felipe V.ak Katalunia, Valentzia, Mallorca, eta Aragoiko foruak derrogatu egin zituen eta 1706an, 50 gudarien bi soldadu-konpainiekin lagundu zion San Gil Generalari Mallen eta Gallur hartzen. Halaber, kaskantearek parte hartu zuten Magallon-go setioan, eta mugaren defentsan, Ablitas aldean. Parte hartu zuten, halaber, Tarazonan, Sadaban, Fustiñanan eta beste zenbait herrietako batailetan. 1707an, Santakarako markesa eta koronelarekin 110 armatu aritu ziren eta, 1710ean, Malún kondeari ere lagundu zioten. Garai horretan gainera, Tuteran lekurik ez zutelako, Asturias eta Dragones erregimentuko laurogei soldadu gaixotu zaindu zituzten. Herria defentsarik gabe geratu zen eta austriar zaldi-erregimentua eragozpenik gabe sartu zen, herritarrak errenditu ondoren. Geroago, Fermin Veraiz infanteriako koronela Korellan sartu zen, eta kaskantearrak bere alde jarri ziren. Beste aldeko Ferrer koronelak kaskantearrei idatzi zien errendizioa eskatuz, baina Veraizek lagunduko ziela esan zien eta kaskantearrek erantzun ere ez zieten egin Ferreri. Kaskantek 30 boluntario, kabo bat eta Korella, Valtierra, Arguedas, Cintruenigo eta Fiteroko hiritarrez osatutako beste lau konpainia besterik ez zituen. Ferrer, 1.600 guda-gizonekin Kaskantera abiatu zen, 1710eko azaroaren 1ean. Goizeko zortzietatik arratsaldeko laurak arte iraun zuen borroka bortitzak, Ferreren tropak 250 hildako baino gehiago izan zituen. Kaskantearrek muniziorik gabe setiaturik, Erromero ermitara igo eta bertatik harrika hartu zuten arerioaren tropa. Goiari eutsita errenditu ziren. Ferreren tropak bere hitzari uko egin eta soldaduak etxeetan sartu ziren. Hurrengo egunaren arratsaldeko 4ak arte gelditu ziren bertan eta ahal izan zutena arpilatu zuten. 150 lagun preso hartu, beste hiru erail eta Tarazonara abiatu ziren; Melun kondearen dragoi troparen begi-bistan. Dragoiak erretiratu zirenean Kaskante arpilatu egin zuten berriro, azaroaren 17an. 1711n, kaskanterrek erregeari zenbait “mesede” eskatu zien, fideltasunari eusteagatik sufritutakoagatik. Orduan eman zitzaion Kaskanteri "Guztiz Leiala" titulua. Napoleonen garaiko gerran gertaera ugari jasan zuen herriak. Lapañak irabazi zion Lagrange-ren tropa napoleondarrei, baina geroago, Lagrangerentzat laguntza etorri zenean, erretiratu egin behar izan zuen. 1855eko maiatzaren 1ean, desamortizazio aginduaren ondorioz, 1864an saldu ziren herriko hogeita lau lursail eta “Jibanco”ko pieza bat. Iturria: Auñamendi |
||
|
5.- Bidali informazioa |
|||
|
|