<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
anglikanismo
Kristautasunaren hiru erakuntza nagusietako bat da anglikanismoa. Ingalaterrako Eliza ofiziala, bertako errege Enrike VIII.ak Erromarekin eta Eliza horren doktrina, instituzio eta printzipioekin ere loturak haustean sortua (1534). XVI. mendeko Erreformaren inguruan Erromako katolizismoaren eta kalbinismoaren tartean eratu zen anglikanismoa, Ingalaterrako Eliza nazional (Church of England) gisa. Horren sorreran daude Klemente VII.ak Enrike VIII.aren ezkontza baliogabetu nahi ez izatea, Erromarekiko independentzia politiko eta ekonomikoaren aldarrikapena, Elizaren ohituren aldaketa eta doktrina luthertarren eragina.
Britainiar inperioarekin batera, anglikanismoa munduko beste herrialde batzuetara zabaldu zen: Iparramerika, Afrika, Asia, Ozeania. Horietan sorturiko Eliza autonomoen eta Ingalaterrako Elizaren artean Anglican Communion sortu zuten, gaur egun anglikanismoa ere deitzen dena. Bi oinarri ditu horrek: Canterburyko artzapezpikuaren antzinatasuna eta lehentasuna eta XVI. mendean "Book of Common Prayer" liburuan definituriko irakasbidea eta jardunbidea. Lambeth-eko konferentzia da Komunio Anglikanoaren bateragunerik nabarmenena eta anglikanismoaren adierazpide nagusia.
Hiru dira anglikanismoaren oinarrizko dokumentuak: "English Bible", "Book of Common Prayer" (elizkizunen, erritoen eta liturgiaren liburua) eta "29 Artikuluak" (XVI. mendeko Erreformakoan eztabaidapean zeuden irakasbidezko gaiei buruzko erabaki dogmatikoa definitzen duen formula-multzoa). Kristau-elizen artean katoliko eta apostolutar aitortzen du anglikanismoak bere burua. Apezpikuen aginpidea onartzen du eta baita apostoluekiko haien etengabeko jarraiera ere: hau da, oraingo apezpikuak Jesus Kristoren apostoluen ondorengoak direla. Beraren egituraren oinarrian diozesia dago, hain zuzen ere, apezpikuak eraendua; diozesia, berriz, parrokiatan banatzen da, bakoitza artzainaren ardurapean. XVI. mendeko Erreformatik sortua, anglikanismoa eliz egiturari, sakramentuei eta fedezko irakasbideari dagokienez, katolizismotik hurbil geratu zen.
Eliza anglikanoak ez du Erromako aitasantutza onartzen; Eliza katolikoak, bere aldetik, ez du apezpiku anglikanoen jarraiera apostolutarra ezagutzen, ezta apaiz anglikanoen ordenazioaren balioa ere. XIX. mendean hasi ziren bi Elizen arteko hurbilketa eta batasunerako ahaleginak, eta hainbat urrats garrantzizko egin dituzte bide horretan. Hala ere, lehengoez gain bestelako oztoporen batzuk gaineratu dira bi Elizen jarrera ofizialetan: moraleko irakatsiren batzuk, emakumeen apaiz-ordenazioa. Vatikanoko II. Kontzilioaren ondoren bi Elizen arteko teologiazko aldeak aztertzen jardun da bi aldetariko batzordea, batasunerako bidea urratzeko asmoz.
Loturak: >Wentworth Webster;
Iturria: Harluxet