Enrike VIII.a Ingalaterrakoa
Enrike VIII.a Greenwich-en jaio zen 1491ean eta Westminsterren hil 1547an. Ingalaterra (1509 - 1547) eta Irlandako erregea (1541 - 1547), Enrike VII.aren semea. Katalina Aragoikoa bere koinatarekin ezkondu zen. Hasieran, Espainiarekin zeukan aliantzari eutsi zion eta frantsesak mendean hartu zituen Guinegatten (1513). Pavíako guduaren (1525) ondoren Frantziaren aldera pasatu zen. Katalina Aragoikoak alaba bakarra eman ziolako ezkontza zapuztu eta Ana Bolena emazte hartu ahal izateko, ezkontza baliogabetzeko eskatu zion Klemente VII.ari (1527), baina hark ukatu egin zion. Ahalegindu zen liskarra modu onean konpontzen, baina, azkenean, Erromarekin eten eta anglikanismoa Ingalaterrako erlijio ofizial ezartzeko erabaki historikoa hartu zuen (1532).
Ingalaterrako Elizaren buruzagi bihurtu zen (1534). T. Cronwellekin bere autoritatea sendotzen ahalegindu zen. Kontra egin ziezaioketen familiak jazarri eta hiltzera kondenatu zituen, besteak beste, T. Moro bere lagun zaharra. Sei aldiz ezkondu zen: Katalina eta Ana Bolenaz gain, Joana Seymour, Ana Clèveskoa, Katalina Howard eta Katalina Parr izan zituen emazte. Kanpo-politika orekatsua egin zuen, itsas armada sortu zuen eta Ingalaterra itsas potentzia bihurtu zen. Gales bereganatu (1536) eta Irlandako errege izendatu zuen bere burua.
Iturria: Harluxet