<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
luteranismoa
Martin Lutherren, Lutero, eta horren jarraitzaileen doktrinari esaten zaio luteranismoa eta irakasbide horretan oinarrituriko eliz elkarte protestanteen multzoari ere. Erromatar katolizismoaren aurka sortu zen luteranismoa funtsean; baina Erreforma barruan protestantearen beste bi konfesio nagusiri, kalbinismoari eta anglikanismoari, buruz bereizten nabarmen.
Luteranismoaren jatorri-jatorrian erabakigarria izan zen San Pauloren Erromatarrentzat epistola aztertzean aurkitu zuen puntu hau: gizon-emakumeak berauen fedearen bidez bakarrik justifikatzen (salbatzen) dituela Jainkoak. Luteranismoaren irakaspen behinena luthertar guztiek oinarrizkotzat hartzen dituzten idazki hauetan dago: Lutherren "Katezismo Txikia" eta "Augsburg-eko Aitormena" (1530). Elizaren fede-adierazpen tradizionaletatik antzinako hiru fede-aitormenak onartzen ditu: apostoluena, nizear-konstantinoplarra eta San Atanasiorena. Kristau-fedearen funtsezko iturria, berriz, Biblia da, eta Biblia bakarrik, luteranismoarentzat. Fededun bakoitzari dagokio Jainkoaren Hitz hori interpretatzea. Eliz ministerio nagusia Hitz hori predikatzea da -eliz artzainen eginkizuna-; baina autoritatezko eliz hierarkiaren irakasletza ukatzen du.
Bataioa eta eukaristia onartzen ditu sakramentutzat: fedearen suspertzaile eta adierazpide gisa. Alemaniatik herri eskandiaviarretara zabaldu zen hasieran bereziki luteranismoa. Gaur egun, ordea, mundu zabalean hedaturik daude elkarte luthertarrak; ugariago, alemaniarren eta eskandinaviarren emigrazioa handiagoa izan den herrialdeetan (Estatu Batuetan, adibidez). Alemanian bertan "ebanjelikoak" izena hartu ohi dute luthertarrek.
Iturria: Harluxet