Frantzisko Xabierkoa
Frantzisko, Xabierko gazteluan jaio zen 1506ko apirilaren 7an eta Txinan hil zen 1552an. Nafarroa Beherako Jasoko Joan eta Baztango Maria Azpilikuetaren semea. Martin Azpilikuetaren iloba. Xabierko Mikel Jasoren anaia. |
Txikitatik apaiztegietan egin zituen ikasketak: Zangotzan eta Tafallan. Enrike II.a Nafarroako errege izango zena hiru urte lehenago jaioa zen Zangotzan, eta familia loturak zirela-eta oso posible da gazte garaian elkarrekin ibili izana. Nafarroa Garaiko inbasio (1512) eta Noaingo batailaren (1521) ondoren, 1524an, Parisko Santa Barbaran eta Sorbonan jarraitu zituen ikasketak. Azken horretan, gaztelarren alde egindako Loiolako Inazio ezagutu zuen (1529), Frantsesek hogeita hiru urte zituen eta Inaziok hogeita hemezortzi. Francisco Xabier "Kantabriar" bezala aurkezten zuen bere burua eta hasieran ez zuen Inazio gogoko izan; hala eta guztiz ere, horren eraginez Italiara joan eta, apaiz eta jesuita izatea erabaki zuen. Venezian apaiztu zen 1537an.
Misioetan jardun zuen bizi osoan, Portugaleko erresumaren kolonietan beti ere. Hasieran, Indiako bidea hartzeko, Portugalera jo zuen (1540ko ekaina). Bertan, Aita Rodriguez ezagutu eta Joan III. Portugaleko erregearen gortean sartu zen. 1541eko apirilaren 7an abiatu zen misiotara eta Portugaleko erregeak bere kolonietarako nuntzioa izendatzea eskatu zion aita sainduari. Bost itsasontzi abiatu ziren, Indiako gobernadore Martin Alfontso Sousaren agindutara. Garai hartan oso ohikoa zen bezala eskorbutoa marinelen artean zabaldu zen. Afrikan, Mozanbiken, egin behar izan zuten 1541eko negua.
Itsasontziak 1542ko maiatzaren 6an iritsi ziren Portugalek kolonizatua zuen Gao-ra. Arrantzarako oso aberatsak diren Zeilango itsasertzetako Manar uhartera joan zen ondoren, parabar tribuetako lurretara. Xabierrek honakoa idatzi zuen orduan: parabarrek ez didate ulertzen eta nik haiek ere ez, hauen hizkuntza parabarra baita eta nirea bizkaiera (euskara). Handik Trabankor-era jo zuen, garai hartan, iparraldeko Bagadarrak kristauen aurka matxinatu eta sarraskiak eragiten baitzituzten
1545ean, Xabierko Frantziskok Portugalgo erregeari idatzi zion Cochinetik inguru hartako berri ematen. Halaber, inguru haietan bere egunak amaitu eta ez zutela berriro elkar ikusiko ustea adierazi zion. Udaberrian, Portugalek kolonia zuen Malacara abiatu zen. Indian barrena eta Moluketan ibili zen. Ondoren, 1549an, Japonian ibili zen: Kagashima, Hirado (Nagasaki ondoan) eta Miyako. Yamagutxira itzuli eta Portugaleko enbaxadore moduan aurkeztu zuen bere burua gobernadorearen aurrean.
1552ko apirilaren 25ean, Indiako Malakara itzuli zen, Vasco de Gamaren semearekin elkarrizketatu zen eta Txinarako bidaia egiteko prestatzen ari zenean pneumonia batek jota hil egin zen, 1552ko abenduaren 3an. Bere gorpua Indiako Goan jaso zuten. Hiltzorian zegoela Antonio de Santa Fe zuen ondoan, hark esana da hizkuntz nahastuaz hitz egiten zuela, bere ama hizkuntza haien artean, bizkaiera edo euskara alegia. 1622ko martxoaren 22an Gregorio XV.ak santu egin zuen eta 1621ean Nafarroa Garaiko patroi egin zuten.
1949ko abenduaren 3an, Eusko Ikaskuntzaren eraginez, ospatu zen lehenengo aldiz Nazioarteko Euskaren Eguna. 1995ean, Kanpoko Gizataldeen Lehen Mundu Biltzarrean, Uruguaiko ordezkaritzak Euskararen Eguna berrindartzea proposatu zuen. Euskaltzaindiak eta Eusko Jaurlaritzak, orduan, Xabierko Frantziskoren eguna, Euskararen Egun ofizial izendatu zuten. Gaur egun unibertsitate, eskola eta erlijioarekin zerikusia duten erakunde anitzek euskaldun unibertsal honen izena dute.
Beste hizkuntzetan: San Francisco Javier; Francisco Jabier; Francisco de Xabier
Iturria: Elhuyar/ Eliza Katolikoaren biografiak eta beste