Gallastegi Uriarte, Elias
Elias Gallastegi Bilbon jaio zen 1892an eta Donibane-Lohizunen hil 1974an. Merkataritza-ikasketak egin eta gazte zelarik politikan sartu zen buru-belarri. Buruzagi nazionalista, Eusko Gaztediko (EGI) lehendakaria, Emakume Abertzale Batzaren sortzaile eta eragilea izan zen eta CNV alderdiaren bultzatzaile izan zen. "Aberri" astekariaren zuzendaria izan zen. Nazionalista sutsua zen; CNV utzi eta EGIrekin batera EAJ alderdi independentista eta sabindarra eratu zuen (1921).
Euskal antzerkia bultzatu zuen, irteera eta jaialdi ugari antolatzen lagunduz. Emakumeak politika-arloan izan zezakeen paperari garrantzi handia eman zion. EAJ eta CNV bateratzean, Mendigoizale Batza taldearen aitzindaria izan zen (1923). EAJrekin hautsi (1934) eta Espainiako Gerra Zibila hasi zenean Irlandara atzerriratu zen (1936). Politika alorreko liburu ugari idatzi zituen.
Loturak: Zeferino Jemein; Zabala Ozamiz, Anjel;
Iturria: Harluxet