<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Emakume Abertzale Batza

EAJko emakumeen elkarte nazionalista (Bilbo, 1922). Karmele Errazti izendatu zuten lehendakari, baina, Primo de Riveraren diktadura-aldian legez kanpo utzi eta desagertu egin zen. 1931n berragertu zen, berezko autonomia lortu eta Hego Euskal Herri osora zabaldu zen. "Jaun-goikoa eta Lagi-Zarra" (JEL) eta euskara zituzten helburu; gizonezkoek gidaturiko lanaren menpeko ikusten zuten beren egitekoa. Irakaskuntza eta heziketa alorrean egindako lanaz gain, propaganda eta gizarte-arazoak arintzen saiatu ziren. Jarduera honen emaitza, eta Juventud Vasca-rekin batera, Euzko Irakasle Batza eta Euzko Ikastola Batza sortu ziren (1932). Elkartearen indarra eta eragina handia zenean, Espainiako Gerra Zibila piztu zen eta frankistek gogor zapaldu zituzten. Gerra ondoren, asko erbesteratu egin ziren eta euskal errefuxiatuei eman beharreko laguntza prestatu zuten.

Loturak: Elias GallastegiIkastolak

Iturria: Harluxet