<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Beltzuntze leinua
Nafarroa Behereko noble-familia (XVI - XVIII. mendea). Iraultza frantsesa gertatu arte lur eremu zabalen jabe izan ziren eta administrazio- eta politika-eskubide handiak izan zituzten: Aiherrako jaunak eta Makeako eta Mehaineko bizkondeak izatez gain, Hazparne, Baiona, Barkoxe, Biarno Artix, Higuieres eta Nafarroa behereko Isturitzen lurrak eta ondasunak zituzten. Ahierrako Hitzarmena (1450) sinatu zen beren gazteluan.
Joan Beltzuntze: Makeako bizkondea, Aiherrako jauna, Nafarroako erregearen aholkuri eta kamarlengo, Frantziako erregearen gorteko noble eta Akizeko gobernadore izan zen. Fernando II.a Inkisiziokoak Nafarroa inbaditu zuenean (1512), Nafarroako errege Joan III.a Albretekoaren alde jarri zen. Erresuma berreskuratzeko eginiko ahaleginetan esku hartu zuen. Kalbinismora aldatu eta erlijio-gerran kalbindarren bandoan ibili zen, Joan III.a eta bere seme Enrike II.aren alboan. Galdutako Maule-Lextarreko gaztelua berreskuratu zuen; horretarako gehiegikeria handiak egin bazituen ere. Bordeleko parlamentuko gaitzespena eta zigorra jaso zituen, baina jadanik tronuan zegoen Nafarroako eta Frantziako errege Enrike III.aren barkamena lortu zuen (1587).
Armand Beltzuntze: 1721ean jaio zen eta 1791an hil Belle Ile-n. Frantziako armadarekin Flandes, Bohemia eta Alemaniako ekintzetan esku hartu zuen. Santo Domingo eta Belle Ile-ko gobernadore izan zen.
Denis Josep Beltzunzte: Frantziako armadako maior izan zen. Iraultza Frantsesaren garaian aristokrata izateagatik iraultzaileak hil egin zuten. Charlotte de Corday-ren maitale zen eta horrek, Denis Josep heriotza mendekatzeko, Marat iraultzailea hil egin zuen.
Charles-Louis: 1796an jaio zen eta 1872an hil zen Mehaineko gazteluan. Mehaineko azken bizkondea eta euskal idazlea izan zen. Berrezarkuntza garaian Frantziara itzuli zen. Frantziako Karlos X.aren erregealdian erret-goardian kapitaina izan zen. Agosti Xahoren "Historie primitibe des Euskeriens" obra amaitu zuen, eta euskaraz hainbat poema idatzi zuen: "Belsunce Biskontia" (1845), "Ene izar maitea" (1878), "Gabazko kanua" (1916).
Loturak: Herensugea eta Beltzuntzeko Gastonen alegia.
Iturria Elhuyar
.