Xaho, Josepe Agosti
Josepe Agosti Xaho Atharratze-Sorholüze herrian jaio zen 1810eko urriaren 10ean eta Baionan hil zen 1858ko urriaren 22an. Euskal eta euskaldun idazle, kazetari eta politiko izan zen. Ezkertiar, errepublikar, laiko eta euskal herrizale sutsua.
Lehen ikasketak Oloronen eta Pauen egin ondoren Parisera joan zen hemeretzi urterekin. Parisen zuzenbide ikasketak egin zituen eta ekialdeko hizkuntzetan espezialdu zen. Halaber izan zen kazetari, menturazale eta politikoa. 1835ean Hego Euskal Herrira jo zuen Lehen Gerra Karlistan ari ziren gudulariekin topo egin asmoz. Liburu oso ospetsu eta polemikoak idatzi zituen, baten bat euskaraz, baina, gehienak frantsesez: "Azti-begia (zubereraz); Voyage en Navarre pendant l´insurrection des basques (1836)"; Antoine Abbadiarekin "Etudes grammaticales sur la langue euskarienne; Historie primitive des Euskariens-Basques; Lalo ou la Navarre il". 1838an Okzitaniako Tolosara joan zen bizitzera, baina bi urte geroago Baionan finkatu eta "Ariel" egunkari errepublikarra sortu zuen (1844). Aldizkari horretan argitaratu zituen Jeanne-Philippe Bela-ko jaunaren lanak.
Bere garaiko eta antzinako euskaldunez asko idatzi zuen eta Zumalakarregi karlistarekin fikziozko elkarrizketa idatzi zuen. Gernikaren suntsitzea eta Ipar Euskal Herriko gainbehera iragarri zituen. Euskal animismoaren aldekoa zen eta bere borondatez kristautasunetik kanpo jarri zuen bere burua. 1848ko Baionako altxamendu errepublikazalearen buru izan zen eta ondoren Pirineo Behereak departamenduko kontseilari nagusi (1849 - 1851). Euskal nazio bakarraren alde egiten aurrenetakoa izan zen, Bidasoaren bi aldeetako euskaldunen batasun politikoa eskatu baitzuen; bere esanetan, bi aldeko muga erabat artifiziala zen. Euskal Herri osoan zabaldu zen berak sorturiko "Aitor" irudi literarioa. Lau hizkuntzatako euskal hiztegia amaitu gabe utzi zuen. Garai hartan, elizkizunik gabe lurperatutako lehendabiziko euskalduna izan omen zen, eta gisa askotara, euskal abertzaletasunaren aitzindaritzat har daiteke.
Loturak: + (gazt: Auñamendi)
Beste izenak: CHAHO, Joseph Augustin; Agustin Chao; Agosti Xaho;
Iturria: Elhuyar/ Nabarra aldizkaria/ Lur