<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Orain aspaldian, Lapurdiko Hiriburu herritik hurbil, oilar batek arrautza bat errun eta goroztegi batean ezkutatu omen zuen. Halaxe igaro ziren zazpi urte eta arrautza hartatik herensugea jaio omen zen. Handik beste zazpi urtera herensugea ehun bider hazi zen; hiru buru zituen, eta hiru ahoetatik sua jaurtitzen zuen etengabe. Bizkarretik bi hego irteten ei zitzaizkion eta, horiei esker, hegan egiten zuen herrialde osoan zehar. Bere atzapar beldurgarriekin di-da txikitzen zuen animaliarik handiena ere. Errobi ibaiaren inguruko biztanleak beldur-ikaraz bizi ziren.
Baionako alkatearen seme Beltzuntzeko Gaston Armand, 19 urteko mutikoa, mentura handien egarri zebilen. Beltzuntzetarrek ospe eta adorea mendez mende zabaldu zituzten Europako lurralde guztietara eta gazteak bere arbasoen armak eramateko gai zela erakutsiko zuen, bere koadroa ikusi nahi zuen gazteluko sala nagusian, asaba zaharrenekoen alboan.
Egun batean, zurrumurru beldurgarria zabaldu zen herrialdean: zazpi urteko aldia zazpi bider igaro ondoren, Hiriburuko herensugea bere leizetik irten eta bidean harrapatzen zuen guztia suntsitzen ari zen, berdin etxeak eta soroak, nola animaliak hala gizakiak. Horiek entzunda, ehunka lagun abiatu ziren Baionarantz, hango harresi barruan babesteko asmoz. Baionako Alkateak, Beltzuntzeko Antoinek, zera esan zuen: nire esku dagoen guztia egingo dut piztia agertzen bada, honi aurre egiteko.
Gaston erabat bere onetik aterata zegoen. Galdetu honi eta galdetu hari, begiratu hemen eta miatu han..., piztia nolakoa zen jakin nahi zuen, nork ikusi zuen? Esaten zuten bezain handia al zen? Ahotik sua jaurtitzen al zuen?, ala kea besterik ez... ?
Galdera guzti hauen erantzunak jaso eta bere jakinmina ase zuenean, aitarengana joan zen:
-Aita, hauxe da nik nahi nuen aukera! Utz iezadazu herensugearen bila joaten eta hiltzen.
-Hi burutik egina hago! -Ihardetsi zion aitak-. Hemen geratuko haiz beste guztiak bezalaxe! Hire kezkatan egotea besterik ez diat behar orain!
Gastonek ez zion hitzik atera aitari, baina, erabakita zeukan eta, prestatu zituen armak, hartu zuen jateko zerbait eta, ezkutaria lagun, gaztelutik irten zen gau hartan. Handik herensugearen gordelekura bideratu ziren.
Ezkutaria beldur-dardarka zegoen eta Gaston, berriz, ametsetan ari zen: bueltakoan egingo zioten ongietorria ikusgarria izango zen... herensugea hiriko harresietara eramango zuen arrastaka... aitak negar malkotan hartuko zuen, eta Rikardo Ia. Lehoibihotzak foruak zin egitean berekin han egon zen Txikon arbasoaren ezpata emango zion oparitzat... bere koadroa besteen ondoan eskegiko zuten eta....
Zaratots izugarri batek atera zuen Gaston bere amets-liluragarritik.
Konturatzerako, herensugearen leize aurrera iritsiak ziren. Ezkutariak atzera jiratu eta ziztu bizian alde egin zuen handik. Gastonek deiadarra egin zuen ozen:
-Hor al hago???
Aurrekoa baino oihu handiagoa eginez, jarraitu zuen piztiari desafioka:
-Hor baldin bahago, irten hadi kanpora!!! Hemen naukak hire zain!!!
Herensugea leizetik irten zen. Hain zen handia eta beldurgarria, non Gastonek atzeraka eman baitzuen pauso bat. Gero, berriro adorea hartuz, piztiari aurrez aurre jarri zitzaion.
Une batez, elkarri begira egon ziren biak, adi-adi, arerioak lehen mugimendua noiz egingo. Gaston piztiaren indarra neurtu nahian ari zen, eta hau, berriz, harrituta zegoen hain izaki txikia bera desafiatzera ausartzen zelako.
Herensugea ez zen luzaroan egon geldi, bere hiru ahoetatik su-bufadak jaurti zituen eta atzeko hanken gainean zutik jarrita gazteari oldartu zitzaion. Honek gogor heldu zion eskuan zeukan ezpatari eta piztia gehiago hurbildu zain egon zen; gero, ahal bezain besteko indarrez jaurti zuen arma herensugearen bihotzera.
Piztia seko gelditu zen eta bere begiek sorpresa gisako zerbait adierazten zuten. Baionan ere entzun zuten oihua bota ondoren zerraldo erori zen. Baina erortzean, berarekin batera eraman zuen baztertzeko betarik izan ez zuen Gaston; eta hala, biak heriozko besarkada batean bildurik, Errobira amildu ziren aldapan behera bueltaka.
Artean, ezkutaria heldua zen Baionara, eta haren ahotik mutilaren aitak jakin zuenean semea herensugearen bila joan zela, astirik galdu gabe hainbat gudari hartu eta irten zen Gastonen bila. Ibaian aurkitu zituzten bi gorpu hilak. Itzulian, jende guztiak txaloka eman zion ongietorria Gastoni, bere aitak arbaso Txikonen ezpatarekin lurperatu zuen eta bere irudi gaztea margotua zuen koadroa sala nagusian eskegi zuten. Harrezkgero, balentria horren oroigarri, Beltzuntzetarren armarriak hiru buruko sugea darama alde batean.
Iturria: Euskal Leiendak, Erein