Lasala, Fermin, Mandas eta Villanuevako dukea
Fermin Lasala Donostian jaio zen 1832an eta Madrilen hil 1917an. Politikari eta historialaria izan zen. Alderdi Progresistako kidea zen, baina Batasun Liberala alderdia sortu zenean, han sartu zen (1856). Batzar Nagusietan Donostiako ordezkaria (1857) eta Gipuzkoako diputatu nagusia (1862) izan zen. Bere agintaldian euskararekiko zenbait lan burutu eta hirian hainbat obra bultzatu zituen. Espainian Errepublika aldarrikatu zuen biltzarrean parte hartu zuen (1873) eta Cánovas del Castillok zuzendutako alfontsotarren aldeko jarrera azaldu zuen; Alfontso XII.ak biziarteko senadore izendatu zuen (1877).
Korronte foruzaleek Foruen kontrakoa zen gobernuan parte hartzea leporatu zioten, hala ere, berak eginiko lana guztiek onartu eta txalotu zuten. Sustapen-ministro, Paris eta Londresko enbaxadore, Irakaskuntza Publikorako kontseiluko lehendakari eta estatu-kontseilari izan zen. Filosofia eta erlijioa, zientzia politikoak eta Euskal Herriko historia (Donostiakoa batez ere) oso gogoko zituen. Euskal Herriaren historia eta euskara bultzatzeko lehiaketak antolatu zituen. Hil zenean, Kristina-Enea parkea eta 18.000 liburuz osatutako liburutegia Donostiako Udalari utzi zizkion; gainerako ondasunak Gipuzkoari.
I: Harluxet