Karranza, Bartolome
Bartolome Karrantza Mirandan jaio zen 1503an eta Erroman hil 1576an. Domingotarren ordenan sartzean (1520), "Frai Bartolome Mirandakoa" izena hartu zuen. Valladolideko Unibertsitatean teologiako irakaslea izan zen (1530-39), eta ondoren Erroman.
Karlos V.a enperadoreak bere ordezkari izendatu zuen Trentoko kontzilioan (1545-46); tarte horretan argitaratu zituen Summa conciliorum eta Quatuor controversiae teologi obrak. Felipe II.aren eta Maria Tudor-en ezkontzan egon zen (1554), eta Ingalaterra katolizismora itzularazteko politikaren zerbitzuan jardun zuen. Toledoko artzapezpiku izendatu zuen Felipe II.ak (1557). "Comentarios sobre el catechismo christiano" (1558) liburua zela eta, luteranotzat salatu zuen Inkisizioak, eta 1559an atxilotu egin zuen. Besteak beste, laikoen eskuetan Biblia jartzearen eta teologian herri-hizkuntza erabiltzearen aldekoa izateaz ere salatu zuten. Martin Azpilikuetaren defentsa-lanak ez zuen balio izan hura espetxetik ateratzeko. Gregorio XIII.ak, Felipe II.aren eraginaz, heresi susmopean epaitu zuen (1576). Bartolomeren proposizioak kondenatu egin zituzten eta orduan berak uko egin eta barkamena lortu zuen.