Felipe II.a Gaztelakoa
Felipe II.a Valladolid-en jaio zen 1527an eta El Escorial-en hil 1598an. Espainiako erregea (1556 - 1598). Karlos I.a enperadorea eta Isabel Portugalgoaren semea.
Bere agintaldian Espainiako inperioak hedadura eta nazioarteko botere handiena erdietsi zuen; geroago, Gaztelako inperioa gainbehera joango bazen ere. Agintaldiaren hasieratik Espainiako inperio hedatzea, erreformaren kontrako borroka, katolizismoa nagusitzea eta monarkia absolutuaren finkapena izan zituen helburu. Horretarako, estatua burokratizatu, armada indartu eta Inkisizioa bortizki erabili zuen, 1575ean Euskal Herrian egindako sorgin jazarpena kasu. Ameriketako ondasunak neurri gabe ustiatu bazituen ere, militar gastuen gehiegikeriak hondamendira eraman zuen; ondorioz, erregealdiaren bukaeran, inperioa Europako bankuekin zorretan eta ekonomikoki porrot eginda zegoen. 1543an bere lehengusina Maria Portugalgoarekin ezkondu eta Don Carlos printzea jaio zen. Alargundu eta bere izeba Maria I.a Tudorrekin ezkondu zen (1554); Maria Tudor 1558an hil zen. Frantziako erlijio gerretan, San Quentingo garaipenaren ondoren, Cateau-Cambrésisko ituna sinatu zuen (1559) eta Isabel Valoiskoa emaztetzat hartzea hitzartu zen bertan. Harekin bi alaba izan zituen.
Isabel emaztea eta Karlos semea hildakoan (1568), gizonezko oinordeko baten premiak Ana Austriakoarekin ezkontzera behartu zuen (1570), eta Felipe III.a izango zena jaio zen. 1566an, artean Baionako elizbarrutikoak ziren Hego Euskal Herriko lurraldeak hartatik bereizi zituen. Barne-arazo larriena Aben Humeiak gidatutako Granadako moriskoen matxinada izan zen (1567 - 1571). Herbehereetan protestantismoaren kontra politika bortitza ezarri zuen eta ondorioz piztutako matxinadak (1567; 1572) gogor zapaldu zituen, Albako duke Alvarez de Toledoren bidez batik bat. Azkenik, Probintzia Batuen bereizketa onartu behar izan zuen (1579). Ingelesek flandestarrei emandako laguntzak, Drake kortsarioak ontzi espainolei egindako erasoek eta bere lehengusina Maria Estuardoren exekuzioak Ingalaterraren kontra Armada Garaiezina bidaltzera bultzatu zuten (1588). Porrot itzela izan zen; Euskal Herriko marinel eta ontzi asko galdu ziren eta orduan hasi zen Espainiaren itsas-boterearen gainbehera. Hala ere, Mediterraneoa menderatzeko lehian turkiarrei Lepanton nagusitu zitzaien (1571); artean, Inazio Loiolakoak indarra hartzen ari zen Erroman eta turkiarren kontra aholkulari izan zuen.
Felipe II.aren garaian Espainiako inperioa izugarri zabaldu zen: Amerika, Filipinetako uharteak... Oinordeko-eskubideari helduz, 1580an Portugalgo errege izendatzea lortu zuen. Frantzian Enrike III.a Valoiskoa hil zutenean (1589), gisetarren Liga Katolikoaren alde eta Enrike III.a Nafarroako protestantearen kontra jokatu zuen. Feliperen xedea bere alaba Isabel, valoistar eta katolikoa, Frantziako erregina jartzea zen, baina Enrike III.a Nafarroakoa katolizismora aldatzeak haren asmoa zapuztu zuen. Enrike III.a Nafarroakoa Frantziako errege izendatu zuten eta Feliperen aita Karlos I.arekin hasitako Nafarroaren zatiketa gauzatu egin zen (1594).
Espainiako koroa maila handiko aholkulari eta militarrez inguratua egon zen beti: Albako dukea, Granvelle, Alexandro Farnesio, Juan Austriakoa... Baina ez zen batere trebea izan administrazioan eta barne politikan. Felipe II.ak Ameriketan pilatutako urrea asko izanagatik ere, lur jota utzi zuen Espainiako ekonomia; halaber, erlijio kontutan ezarri zituen lege zorrotzak oso ondorio txarrak ekarri zizkion Espainiako erresumari, Felipe II.aren garaian "urrezko mendea" izeneko aroa hasi zen arren.
Loturak: >Agirre, Lope; >Esteban Garibai; Habsburgeko etxea; Diego Ibarra; Frantzisko Ibarra; Alonso Idiakez; Bartolome Karrantza; Gido Labezares; Migel Lopez Legazpikoa; Navarro Larreategikoa, Antonio; Poza, Andres; Undiano, Joan; Vallecilla, Martin; Zubiaur, Pedro;
Iturria: Elhuyar/ Lur