Azpilikueta Jauregizar, Martin (doctor Navarro)
Martin Azpilikueta Barasoainen jaio zen 1492 abenduaren 13an eta Erroman hil 1586ko ekainaren 21ean. Hamaika urte zituela filosofia eta teologia ikasten hasi zen. Frantziako Tolosara alde egin (1510) eta bertan zuzenbide kanoniko eta zibila ikasi zuen. Salamancan irakasle izan zen 14 urtez. Diruaren teoria koantitatiboaren sortzailea izan zen eta bere ikasle Diego Covarribiasek Trentoko kontzilioaren ebazpenen erredaktore izan zen. Ondoren eta 16 urtez Coimbran irakatsi zuen eta jubilatu zenean Espainiara itzuli zen. Portugalgo erregeak eskainitako gotzaintza batetik eta Santiagoko artzapezpikutza bestetik errefusatu zituen.
Espainiako Felipe II.ak berak eskatu zion frai Bartolome Karrantzakoa defenda zezan Inkisizioaren aurrean eta Erromara joan behar izan zuen (1567). Bertan, Pio V.a, Gregorio XIII.a eta Sixto V.aren aholkularia izan zen. Erroman hartzen ari zen ospez kezkatuta Pio V.ak eskainitako kardinal izendapenaren kontra azaldu zen Felipe II.a, bera eta bere familia Nafarroako Joana III.a Albreten erregina legitimoaren aldekoak zirela argudiatu zuen. Martin Azpilikuetak herritarren subiranotasuna defendatu zuen erregeen agintearen aurrean "Erresuma ez da erregearena, herritarrena baizik, eta erregearen ahaltasuna bera ere herriarena da eta ez erregearena, beraz, herritarrek ezin die erabat uko egin beren eskumenei". Zuzenbide- eta erlijio-gaietako liburuak idatzi zituen: "Tratado de las rentas de los beneficios eclesiásticos eta Manual de confesores" (1556).
Iturria: Harluxet/ Navarra Estado Europeo