Godoy eta Alvarez de Faria, Manuel
Manuel Godoy Badajoz-en jaio zen 1767an eta Parisen hil 1851an. Espainiako Karlos IV.aren lehen ministro (1792 - 1798 eta 1800 - 1808) eta Maria Luisa erreginaren maitalea izan zen.
Luis XVI.a hil zutenean (1793), Konbentzio Gerran, Frantziaren aurkako gerra bultzatu zuen, Basileako Itunarekin bukatu zena (1795). Frantziako despotismoaren eredua antolatu nahi izan zuen Espainian, baina 1798an kargua utzi behar izan zuen. 1800ean berriro agintean zela, Portugalen kontra gerra egin zuen. 1796tik aurrera Frantziarekin hitzarmena zuenez, Ingalaterraren kontrako gerran ere parte hartu zuen (1804). 1805ean Trafalgar-ko hondamena izan zen. Napoleonen kontrako koalizio bat bultzatu ondoren, Ienako garaipenaren berri izan eta Napoleonen menpe jarri zen. Harekin elkarturik Portugalen aurka gerran hasi zen eta gerra hori aitzaki hartuta, Napoleonek Espainia inbaditu zuen.
Godoy-k Mexikora eraman nahi izan zituen Karlos IV.a eta Maria Luisa Parmakoa errege-erreginak, baina horrek espainiarren gorrotoa piztu zuen. Morat-en oste frantsesak Espainia hartu zutenean Aranjuezko altxamendua gertatu zen (1808). Godoy atxilotu egin zuten, Morat-ek askatu eta Baionara eraman behar izan zuen. Han Karlos IV.aren dimisioa prestatu zuen Jose Bonaparteren mesedetan. Erreginaren maitale zen eta errege-erreginarekin bizi izan zen erbestean. Parisen hil zen 1851n. Bere "Memorias" idatzi zituen (1836 - 1838).
Loturak: Migel Lardizabal;
Iturria: Elhuyar/ Lur