Luis V.a Nafarroakoa eta XVI.a Frantziakoa
Luis XVI.a Versailles-en jaio zen 1754an eta Parisen hil 1793an. Nafarroako XXXIX. eta Frantziako erregea (1774 - 1792). Luis Dofinaren eta Maria Josefa Saxoniakoaren semea, Luis XV.aren biloba. Maria Antonieta Austriakoaren ezkondu zen (1770).
Balio handiko ministroak izendatu zituzten, baina bere emazteak menperatuta eta pribilegiatuek eraginda, Turgot (1776) eta Necker (1781) ministroak baztertu zituen. Vergennes ministroak ezarritako kanpo-politikak Frantziaren garrantzia berrezarri zuen munduan. Barne-politikan, ordea, pribilegiatu eta nobleak erregearen absolutismoaren aurka matxinatu ziren, eta Luis XVI.ak Versaillesen Estatu Orokorrak bildu behar izan zituen (1789). Orduan, Iraultza Frantsesa piztu zen.
Asanbleak erregearen boterea murriztu egin zuen eta erregea iraultzari aurre egiten saiatu zen. Maria Antonieta eta anaiek eraginda ez zituen onartu nahi izan Giza Eskubideen aldarrikapena. Erregearen aurkako matxinada handiak piztu ziren Parisen (1789ko urriaren 5ean eta 6an) eta, gogoz kontra izan bazen ere, konstituzioa onartu behar izan zuen. 1791ko ekainean Luis XVI.a ihes egiten saiatu zen eta urte bereko irailean konstituzioa errespetatuko zuela berriro zin eginarazi zitzaion. Frantziako errege izatetik frantsesen erregea izatera pasa zen.
Frantsesen erregea bihurtu zenean, Austriaren aurkako gerra hasi zuen (1792ko apirila), bere egoera horrek zuzenduko zuelakoan, baina girondinoak ekainean gobernutik kanpo utzi izanak eta Brunswick jeneral prusiarrak Parisko iraultzaile guztiak larrutuko zituela esanez uztailean emandako agiriak guztiz indartu zituzten errepublikaren aldeko asmoak. 1792ko abuztuaren 10ean Luis XVI.a eta familia preso hartu zuten Komunak. Urte bereko abenduan zabaldu zen Luis XVI.aren aurkako auzia eta, girondarrek jarrera moderatua izan arren, hiltzera kondenatu zuten: "nazioaren askatasunaren eta estatuko segurtasunaren aurka" jokatzeagatik.
Konbentzioak epaitu eta hiltzeko zigorra jarri zion, hala ere, Joseph Dominique Garat aurka azaldu zen. Garat-ek Danton-en lekua hartu zuen justizi ministerioan, eta bera izan zen erregeari heriotza-zigorraren berri eman ziona. 1793ko urtarrilaren 21ean hil zuten gillotinaz lepoa moztuta, Parisko "Plaze de la Révolution" plazan, egun "Plaze de la Concorde" dena..
Loturak: Orléansko dukea;
Iturria: Elhuyar/ Lur