Karlos IV.a Espainiakoa
Karlos IV.a Espainiakoa Portici-n, Napoli, jaio zen 1748an eta Erroman hil 1819an. Espainiako erregea (1788 - 1808), Karlos III.aren semea. Bere lehengusina Maria Luisa Parmakoarekin ezkondu zen (1765).
Iraultza frantziarraren ondorengo Konbentzio-gerran porrot egin zuen; Basileako bakea sinatu behar izan zuen (1795) eta horren bidez, Santo Domingo irlako zati handi bat galdu zuen. Trukean Gipuzkoako Errepublika frantziarrengandik eskuratu eta foruak suntsitzen saiatu zen. 1797an Frantziarekin aliantza-ituna sinatzeak Inperio Britaniarraren aurkako gerrari hasiera eman zion. Espainiak Trinidad eta Luisiana galdu zituen Frantziaren mesedetan (1800). San Vicente eta Trafalgar-ko (Nelsonen aurka) itsas batailak galdu egin zituen (1805). Bien bitartean, 1804an, Bizkaiko jaurerrian itsasportua eraikitzearen truke bizkaitarrek soldadutza egitea onartu zen Gernikako Batzarrean, baina herritarren haserreak Zamakolada piztu zuen Bizkaian.
1807an Espainia eta Frantziaren arteko Fontainebleau-ko ituna sinatu zen eta Godoy buru zela Portugalgo inbasioa erabaki zuten. Aitzaki horrekin Napoleonek Iruņea eta Bartzelona hartu zituen. Aranjuezeko matxinadaren ondoren, Godoy-k dimisio eman eta erbesteratu behar izan zuen. Azkenean, bere seme Fernando VII.aren alde abdikatzera behartu zuten (1808) eta Napoleon I.aren babesa onartu zuen. Napoleonek, Fernando VII.aren aldetik koroa jaso ondoren, bere anaia Jose Bonaparte, Espainiako errege izendatu zuen.
Loturak: >Agirre, Domingo Adrian; >Gardoki Arrikibar, Francisco Antonio; Nikolas Garro;
Iturria: Elhuyar/ Lur