Elosegi Odriozola, Joseba

Joseba Elosegi Donostian jaio zen 1915ean eta 1990ean hil zen bertan. Espainiako Gerra Zibilean gudarien buruzagia izan zen; Gernikako bonbardaketan hirian zegoen eta agintea zuen kargu bakarra izan zen (1937). Mussoliniren tropek preso hartu zuten (1937); tropa espainolen esku utzi, epaitu eta heriotza-zigorra ezarri zioten, baina preso-trukaketa batean aske geratu zen (1938). Frantziara atzerriratu eta faxisten kontrako erresistentzian parte hartu zuen bitartekari-, espioitza- eta mugalari-lanetan.

Donostiako Artzain Onaren katedralean ikurrina jartzeagatik atxilotu egin zuten (1946); zigorra betetakoan Frantziara erbesteratu zen berriro. Donostiara itzuli (1964) eta erregimen frankista eta Euskal Herriaren zapalkuntza salatzeko, bere buruari su eman zion, pilotalekuan zegoen Francorengana jauzi egiten zuen bitartean (1970). Larri zauriturik gertatu zen eta ospitalean egon ondoren kartzelaratu egin zuten 3 urtez; kartzelan zegoela "Quiero morir por algo" liburua idatzi zuen. Amnistiaren aldeko mugimenduko partaide izan zen 1977 arte. EAJko Gipuzkoako senadore hautatu zuten 1979an eta 1982an berriro. EAJren banaketa gertatu zenean, EAko kide egin zen.