<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Amnistiaren Aldeko Batzordeak (AAB)

Amnistiaren Aldeko Batzordeak edo Gestorak izenez ere ezagunak. Franco hil ondoren, Euskal preso politikoentzat amnistia orokorra lortzeko helburuaz, 1975ean Hego Euskal Herrian sortutako elkarte asanblearioak dira. Lehenengoa Gipuzkoan eratu zen legalki (1976), joera politiko desberdineko, baina nagusiki abertzaleko, pertsonek osatua (Eduardo Txillida, Juan Maria Bandres, Migel Maria Castells, Joseba Elosegi, etab.). Berehala zabaldu zen gainerako herrialdeetara.

Era askotako herri-mobilizazioak antolatu zituzten; arrakastatsuenak "amnistiaren aldeko asteak" izan ziren. Espainiako gobernuak amnistia mugatua eman zuen (1976). Adolfo Suárez gobernuko lehendakariak, Francoren ondorengo Espainiako lehen hauteskunde orokorrak baino lehentxeago (1977), euskal preso politikoak askatu edota atzerriratzeko agindua eman zuen eta hauteskundeen ondoren Diputatuen Kongresuak Amnistia Legea onartu zuen. Ondorioz, hainbat kidek Gestoren eginkizuna betetzat jo eta utzi egin zuten.

Bigarren aldi bat hasi zen. ETAren jarduna ez zen eten, ezta Gobernu zentralaren errepresioa ere. Bigarren aldi honetan Gestorak ideologikoki ezker abertzalearen eremuan kokatu ziren; KAS eta Herri Batasunaren inguruko erakunde bilakatu ziren. Geroztik, ETAko eta ETAren inguruko presoei eta hauen familiei laguntza eskaini (ekonomikoa, juridikoa, etab.), preso horien salaketa eta eskaerak plazaratu, polizi indarrek ETAren edo ETArekin ustez zerikusia duten pertsonen aurka burututako ekintzak salatu eta indarkeria politikoari lotutako euskal presoentzako amnistia errebindikatzen dute.

Loturak: >Askatasunaren Ibilaldia

Iturria: Harluxet